Iraila hasieran ospatzen dituzte orozkoarrek herriko jaiak. Dagoeneko prestakuntzan murgilduta dago Antolinzaleak jai batzordea, eta jaiak iragarriko dituen kartela hautatzeko lehiaketa abiatuko du laster.
Maiatzaren 16an irekiko dute sanantolinetako kartelak aurkezteko epea, ekainaren 9ra bitarte (bi egunok barne). 2023ko maiatzaren 4an Orozkoko udalerrian erroldatutako edozein auzokidek hartu ahalko du parte lehiaketan. Edozein teknika baliatu ahalko dute lanak sortzeko; baina denek izan behar dute originalak eta inoiz argitaratu gabekoak.
Neurriak eta erantsi beharreko testua zehaztu dituzte Antolinzaleak elkarteko kideek. DIN A3 tamainako (420 mm X 297 mm) orri bertikalean aurkeztu behar dira lanak eta kartelak honako esaldia jaso beharko du: Orozkoko sanantolinak 2023, abuztuaren 31tik irailaren 4ra.
Gehienez, lehiakide bakoitzak hiru afixa aurkeztu ahalko ditu eta denak sinatu gabekoak izan beharko dira. Lanok posta elektroniko bidez, Induma Gazte eta Kultura Informazio Gunera eramanez edo bertara posta ziurtatu bidez helaraziz aurkez daitezke, egilearen datuak aparteko orri batean adieraziz.
Hiru sari banatuko dituzte ekainaren 9ra bitartean jasotako lanen artean: irabazleak 300 euro jasoko ditu, bigarren saria 150 eurokoa izango da eta 14 urtetik beherakoei zuzendutako umeen saria eskuratzen duenak 100 eurotan baloratutako pintura-materiala jasoko du.
Ekainaren 10etik 18ra bitartean irabazleak aukeratuko dituzte artearen eta irudiaren arloko pertsonek osatutako epaimahaiak eta herritarrek. Egun horietan zehar afixak Orozkoko Museoan egongo dira ikusgai. Bozkak emateko prozedura aurrerago zehaztuko dute Udalaren webgunean eta sare sozialetan, bai eta lanak aurkezteko prozeduraren zehaztapen guztiak ere.
Hurrengo irudian ere kontsultatu daitezke xehe-xehe azaldutako jarraibideak: