Orozkotik abiatu da udalerri euskaldunetako gazteen udalekua

Txabi Alvarado Bañares 2023ko eka. 27a, 18:15
Zubiaur plazan egin zieten harrera parte hartzaileei. / UEMA

120 gazte ari dira ekimenean parte hartzen, eta lau herritan barrena arituko dira datozen 7 egunetan. 

Atzo hasi zen Salto! udaleku ibiltaria Orozkon. Goizean egin zieten harrera parte hartzaileei Zubiaur plazan. Bertan elkartu ziren gazteak Hezten aisialdi taldeko hezitzaileekin, eta ezagutza jolasak egin zituzten lehenbizi, elkar ezagutzen hasteko. 

Arratsaldean, aldiz, ginkana egin zuten herrian barrena, eta Orozkoko ohiturak lehen eskutik ezagutzeko parada ere izan zuten. Garrafa kultur elkarteko kideekin egon ziren horretarako, Orozkoko ikurretako bat den edari freskagarriaren nondik norakoen berri izateko.

Iluntzea, aldiz, konfiantza jolasak  egiten igaro zuten gazteek. 

Bihar arte egongo dira udalekuko parte hartzaileak Orozkon. Ondoren, Areatzara joko dute, eta beste bi egun igaroko dituzte bertan. Otxandiora joko dute jarraian, eta Diman emango diote amaiera 9 eguneko ekimen ibiltariari.

“Udalerri euskaldunetako” 120 gazte

2005 eta 2008. urteen artean jaiotako 120 gazte ari dira ekimenean parte hartzen. Adin tarteaz gain, beste gauza bat dute guztiek komunean: “udalerri euskaldunetan” bizi direla. Biztanleen %70a edo gehiago denean euskalduna kontsideratzen dira udalerriak “euskaldun”, eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean (UEMA) biltzen dira. 

Momentuz, eskualdeko bi udalerri daude erakunde horretan. Orozko 2017an sartu zen eta Arrankudiaga-Zollo, aldiz, aurtengo martxoan sartu da. Azken sarrera horrekin, gainera, 100 udalerrien langa gainditu du UEMAk.

Hain zuzen, “udalerri euskaldunetako gazteak saretzea” da Salto! udalekuaren helburu nagusia, “euskararen inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta eragile aktibo bihurtzearekin batera”. Euskaraz bizi diren gazteak “inertziatik kontzientziarako saltoa” ematea nahi dute antolatzaileek, “efektu biderkatzailea” lortzeko. 

Horretarako, gazteen arteko sareak sortzen ahaleginduko dira hezitzaileak, eta esfortsu berezia egingo dute baita “genero-estereotipoei eta rolei aurre egiten dieten berdintasunezko eta errespetuzko jarrerak” sustatzeko, baita gazteen artean “ingurumen- eta ekologia-kontzientzia” pizteko ere, “ibilaldietako eta herrietako baliabideak aprobetxatuz”.  

Jarraipena sare sozialen bidez

Udalekuaren bilakaera zuzenean jarraitzeko aukera izango du nahi duen orok, Instagram kontua eta Telegram kanala atondu baitituzte antolatzaileek, garatzen dituzten jardueren argazkiak zein informazioa partekatzeko. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide