Nola jaso zenuten pregoilari izateko gonbitea?
Ilusio eta gogo handiz, eta esker onez.
Espero zenuten?
Ez. Garrafa Elkartean jai batzordera doan jendea dago eta ez genuen inoiz pentsatu hau gertatuko zenik. Orozkon herriko taldeek proposatzen dituzte pregoilariak, irizpide propioetan oinarrituta. Guk, adibidez, ez dugu inoiz inor proposatu baina beti hartu dugu parte bozketetan. Normalean bi eta lau hautagai artean egoten dira, eta bozketa egiten da. Jai batzordeak pregoilaria hautatzeko bilera egin baino egun batzuk lehenago jakin genuen pregoilari gisa proposatuko gintuztela. Segituan elkartu ginen gure jarrera finkatzeko proposatuak izanez gero. Aho batez erabaki genuen baietz, proposatzen bagintuzten, onartu egingo genuela.
Zer moduz joan zen bozketa?
Proposamen gehiago egon ziren, baina aurkezpenen ostean atzera egitea erabaki zuten. Oreka joko horretan iruditu zitzaien Orozkoko Garrafa izan zitekeela hautagairik onena. Ez zen bozketarik egin, baina iritzia eskatu zen eta aho batez onartu zen proposamena.
Erabaki duzue nork irakurri duen pregoia?
Bai. Denak igoko gara balkoira baina Eztizenek irakurriko du testua, ez zaiolako axola jendaurrean hitz egitea. Elkarteko jende askok ez zuen nahi eta bera prest agertu zenez, berak egingo du. Guri gustatuko litzaiguke elkarteak ahalik eta protagonismo gutxien izatea, garrafarena baita meritua, eta ez garrafa lehiaketarena, Orozkon mendez mende egin den garrafarena baizik. Baina, tamalez, garrafa batek ezin du hitz egin eta guk irakurri beharko dugu pregoia... (barrez)
Hala ere, elkarte moduan baduzue meritua.
Guztion artean lortu dugu garrafa bai Orozkoko bai jaietako ezinbesteko elementua izatea. Ez dago jaietako kartelik garrafa bat gabe eta mundu guztiak identifikatzen du San Antolin eguna garrafa lehiaketarekin... Jendeak asimilatuta dituen gauzak dira, beraz, zerbait egin dugu, bai.
Pregoilaria bai, baina pregoiaren testua erabakita duzue?
Ez, oraindik ez.
Eta zabaldu nahi duzuen mezua?
Hainbat gauza ditugu argi: pregoi laburra izango dela, jendea animatu behar dugula errespetu osoz parte hartzera, eta pregoi batean inoiz egin ez den zerbait egingo dugula (barrez). Sorpresa bat egongo da, baina ezin dugu ezer esan.
“Guztion artean lortu dugu garrafa bai Orozkoko bai jaietako ezinbesteko elementua izatea”
Jai ezberdinak izango dira aurtengoak? Zerbait berezia egingo duzue?
Egingo dugun gauza ezberdin bakarra txupinazoaren egunean elkarrekin bazkaltzea izango da. Hurrengo egunean, beti bezala, garrafa lehiaketa antolatu beharko dugu. Pregoilari gisa, agian, presentzia handiagoa izan beharko dugu ekitaldi batzuetan, baina ez dugu dena Eztizenen gain utziko, nahiko gara eta lana banatuko dugu.
Nolakoa da Garrafaren eguna?
Lehiaketa bat da, nahiz eta elkartean jende batek soilik Garrafa Eguna izatea nahiago duen, norgehiagokarik gabe. Asko aldatu da urtez urte, eta gero eta jende gehiagok hartzen du parte. Hasieran, hamabost inguru ginen eta pandemiaren aurreko urtean 40 garrafa inguru aurkeztu ziren. Aurten, San Antolin larunbata izango denez, jende asko espero dugu.
Eta antolatzaile gisa, zer eskatzen dizue?
Ustekaberik ez badago, nahiko erraza da. Dagoeneko 18 edizio egin ditugu eta lan gehiena eginda dago. Badaude gauza batzuk aurretik egin behar ditugunak: aurrekontua, materiala eskatzea, izotza enkargatzea, epaileak lotzea... Egunean bertan 07:30ak aldera elkartzen gara eta dena muntatzen hasten gara: mahaiak, plotterrak, mahai-zapiak, argazkiak... Gero, jendea gerturatzen hasten da, izena ematen dute eta lehiaketa nahiko lasai joan ohi da.
Zenbat denbora behar da garrafa bat egiteko?
Gutxi gorabehera 20 minutu. Ez baduzu 20 minututan egin, zerbait ondo ez doan seinale. Ziurrenik, zerbait izango du faltan edo soberan, normalean soberan. Hori da lehiaketaren arazoa, denek ez dutela aldi berean amaitzen, baina batera epaitzen direla. Paella-lehiaketekin bezala pasatzen da: epaitua izan arte itxaron bitartean pasatu egiten da. Buelta asko eman dizkiogu horri, garrafak bukatu ahala probatzea pentsatu izan dugu inoiz, baina iruditzen zaigu horrela lehiaketak magia pixka bat galduko lukeela. Duela urte batzuk hasi ginen epaileak mahaiaren izkina bakoitzean jartzen, ertzetatik erdira joateko.
Zer beste moldaketa txertatu duzue lehiaketan urte hauetan?
Adibidez, orain epaimahai osoa kanpokoa da, jendea kexatu egiten zelako. Garrafak soilik kubetarekin aurkeztera ere igaro gara, egurrezko pieza gabe, esaten baitzuten lagunen garrafak ezagutzen genituela. Behin erabaki genuen bost epaileen puntuazioetatik altuena eta baxuena kenduko genituela, baina antolatzaileontzat nahasgarriegia zen eta hau ondo pasatzeko egiten dugu. Garai batean lehiaketan ez zen zehazten zer produktu erabili ahal ziren, baina orain bai, eta ezin da erabili baimenduta ez dagoen ezer. Horrekin ere arazoak izan ditugu.
“Orain arraroa da inguruko norbaitek garrafarik ez izatea, eta jendeak bere eguneroko bizitzan txertatu ditu”
Garrafa bereziak egin nahi dituen jendeak, zer aukera dauka San Antolinen?
Lehiaketatik kanpo izozkiak egiteko gune bat dago, eta nahiz eta ohiko garrafa bat egitea baino zailagoa den, gero eta jende gehiago animatzen da. Izozkiak egiteko aurreko egunean prestatu behar da nahasketa eta lan gehiago eskatzen du. Haurrek ere beren txokoa dute eta saria barraketarako fitxak dira. Haurren parte-hartzea sustatzeko guk ematen dizkiegu osagai guztiak.
Ohitura berreskuratzen joan dela esango zenukete?
Duda barik. Izan ere, lehen jaiegunetan bakarrik ateratzen ziren garrafak, baina orain egun berezietan ere ateratzen dira, eta lehen ez genuen hori planteatu ere egiten. Izozkiak ere egiten dira, mojitoa... Festa giroan izotz-edaria egitea besterik ez da garrafa.
Eta zuek, elkarte moduan, zer egiten duzue urtean zehar?
Gaur egun ezer gutxi, ez bada kanpotik datorren zerbait edo suertatzen diren kontuak. Herri askotan eta ekitaldi askotan izan gara: Expoconsumo, Expovacaciones, Mungiako Lore Jokoak, Bilboko jaietako larunbatean... eta hainbat eta hainbat herriko jaietan. Baina, azkenean, beti berdinak joaten ginen eta dena gure patriketatik ordaintzen genuen, eta ondo pasatzen genuen arren, nekatzen joan ginen. Egia da jende asko dagoela laguntzeko prest, baina elkartean ez gara hainbeste, eta gerta liteke egun batean garrafa lehiaketa antolatzeko jende nahikorik ez egotea.