Bihar -abuztuak 31-, arratsaldeko 19:00etan jaurtiko dute Orozkoko Sanantolin jaietako lehenengo suziria. Orozkoko garrafa Kultura Elkarteak izango du txupina pizteko ardura, eta, orduan, lau eguneko festa-giroa lehertuko da herrian.
Antolinzaleak jai batzordeak egitarau oparoa prestatu du ostegunetik astelehenera bitarte, adin eta gustu guztientzako: Herri bazkariak, mozorro lehiaketa, dantza eta herri-kirol ikuskizunak, pintura lehiaketa...
Musika eskaintza
Kontzertuak ez dira faltako aurtengo Orozkoko jaietan. Ostegunean bertan egongo da lehenengo musika taldeak entzuteko aukera. Hain zuzen ere, Zutik! eta Urrats erromeria izango dira Zubiaur Plazako eszenatokia estreinatuko dutenak. Ostiralean, aldiz, Artikupunk eta Gozategi egongo dira bertan, 22:00etatik aurrera.
Larunbatean, ordea, Gorbeia kale erdian jarriko duten oholtza gehituko zaio Zubiaur Plazako agertokiari, eta musika eskaintza bikoitza izango da. Gorbeia kalean McOnak eta Zopilotes Txirriaos taldeak arituko dira, 21:00etan eta 23:00etan hurrenez hurren.
Zubiaur Plazan, aldiz, Barricada taldearen tributo bandak lekukoa hartuko dio irrintzi txapelketari 23:00etan. Beranduegi erromeriak plaza dantzan jarriko du 1:00etan eta Dj Tesso laudioarrak jai-giroa ordu-txikiak arte luzatuko du 3:00etatik aurrera.
Igandean Mexiko Lindo Si Señor mariatxiak arituko dira Zubiaur Plazan, Joselu Anayen aurretik. Azkenik, Berakatz Egunean, Zirikinik Bez erromeriak dantzan jarriko ditu Orozkoko kuadrillak 21:00etatik aurrera, 2023ko jaiak behin betiko agurutu aurretik.
Horrez gain, aipatzeko da autobus zerbitzua egongo dela barikuan eta zapatuan:
Hemen kontsultatu daiteke egitarau osoa.