Gaua luzatzeko aukera emango dute Goikiriko jaiek, lehenbiziko aldiz

Txabi Alvarado Bañares 2023ko ira. 14a, 14:59

Igandea izango da Goikiriko jaien egun nagusia. / Aiaraldea.eus

Afaria eta diskofesta egongo dira larunbat gauean, baina igandea izango da egun nagusia. 

Goikiriko Kofradi Eguna ospatuko dute asteburuan, urtero bezala. Afari herrikoiarekin emango diote hasiera festari, larunbat iluntzean. Otordu irekia izango da, eta izena emateko 687 299 158 telefonoa baliatu behar da, Whatsapp mezu bat bidalita edo zuzenean deituta.

Tripa beteta, jaia luzatzeko aukera egongo da Orozkoko auzoan, Jaikide diskofestarekin. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, aurten lehenbiziko aldiz antolatuko da musika emanaldi hori. "Orain arte afaria baino ez zen egiten, baina aurten musika jartzea erabaki da, jende gazteak bultzatuta", azaldu dute. 

Dena dela, egun nagusia biharamunean iritsiko da, goizetik gauera arte luzatuko den egitaraua egongo baita igandean: trikitia, meza nagusia, boleto zozketa, euskal dantzen emanaldia eta tortilla eta paella txapelketa egongo dira goizean. Arratsaldean, aldiz, txokolatada, herri kirolak eta erromeria antolatuko dituzte, eta irrintzi txapelketarekin amaituko da jaia.

Historia luzea dute Goikiriko jaiek. Ermitako birjinaren irudia 1540. urtekoa da, antolatzaileek nabarmendu dutenez.

Antolatzaileen hitzetan, auzoko bizilagunez gain, Orozkoko jende ugari ere bertaratu ohi da jaira, “eguraldi ona egiten badu batez ere”. Ibilbide luzeko tradizioa dela nabarmendu dute: “lehen, aspaldi, kofradiako bazkaria egiten zen elizako arkupeetan, baina gero afaria egitera pasa ziren”. Batzorde bat arduratzen da ekintza guztiak antolatu zein ermita kudeatzeaz. “Lau urtean behin berritzen da talde hori, eta bizilagun guztiek txandaka hartzen dute ardura”. 

Ermitaren berezitasunak

Goikiriko ermita da jaiaren epizentroa, eraikinaren barruan zein inguruetan egiten baitira jarduera guztiak. Bertan dagoen birjina 1540. urtekoa da, antolatzaileek nabarmendu dutenez, eta argi dute “Orozkoko ermitarik politena” dutela: “Egurrezko sabaia erabat margotuta du, eta Bizkaian beste ermita bat baino ez dago ezaugarri hori duena, Ibarrangelukoa”. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide