Orozkoko gurasoek salatu dute 55 umek baino gehiagok ez dutela eskolako garraio zerbitzurik

Aitor Aspuru Saez 2023ko ira. 14a, 15:20

Orozkoko eskolako zein Laudio Institutuko ikasle asko daude garraio zerbitzurik gabe. / Aiaraldea.eus

Gurasoek azaldu dute Orozkoko herriguneko zenbait ibilbide egiten dutela autobusek, baina ez guztiak. Halaber, auzuneek ez dute garraio publikorik ikastetxeetara joateko. Ikasturte hasieran ez zuten mobilizaziorik egin uste zutelako Eusko Jaurlaritzak eta garraio enpresek akordioa lortuko zutela, baina astebete igaro dute horrela.

Orozkoko hainbat gurasok ekin diote mobilizazioak prestatzeari. Momentuz, hasieran baino ez daude, baina Guraso Elkartearen babesa dute eta Udalari ere eskatu diote Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan jar dadin konponbide eske.

Izan ere, Jaurlaritzaren eta garraio enpresen akordio falta dela eta, Orozkoko eskolako 40 umek ez dute autobus zerbitzurik klasera joateko -hain zuzen, herriko auzunekoek- eta Laudio Institutuko dozena bat ikasle baino gehiago egoera berean daude. Institutuko kasuan, herriguneko zenbait garraio zerbitzu daude, baina gainerakoek ez dute.

Horrek ekarri du familiek eurek eraman eta jaso behar dituztela umeak egunero. Azaldu dutenez, ikasturte hasieran ez zuten deialdiak antolatzeko asmorik, uste baitzuten, iaz bezala, azken unean afera konponduko zela.

Ordea, astebete igaro da jadanik eta hezkuntza publikoan dagoen zerbitzu faltaren eragina gero eta nabariagoa da familien artean.

Orozkokoak ez dira izango eskualdean mobilizatuko diren lehen gurasoak, Aiaran eta Okondon hainbat protesta egin dituzte jadanik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide