Igandean Altzarrate Sarien aitortza jaso ostean, gaur ekitaldi berria izango du Iñigo Martinez Sagastizabal antzezle, dantzari eta idazleak. Izan ere, Gertrude Kulture Elkartearen eskutik solasaldia eskainiko du Orozkoko Artiñano Etxean 19:30ean.
Mintzaldia erabat informala izango da eta aukera baliatuko dute Una quimera de vida eleberriari buruz aritzeko. Liburu horretan alter egoa sortu du laudioarrak bere bizitzan izan dituen esperientziei buruz hausnartzeko.
Horrela, literatura eta aniztasun funtzionala izango dituzte hizpide. Izan ere, Martinezen lanak gainditzen ditu heroiaren edo gizagaixoaren rol tipikoak eta egoera eta sentimendu askoz konplexuagoak azaleratzen ditu; ahulgune, indargune eta kontraesan anitzekin.
Eleberriak harrera ona izan du eta jadanik aiaraldearra bigarren edizioan lanean ari da buru-belarri.