OROZKOKO UDALA

"Orozko LGBTI+ pertsonentzat herri bizigarria izatea da helburua"

Txabi Alvarado Bañares 2024ko mar. 27a, 06:00

Auzolanean konpondu zituzten 2022an erasotutako LGTB+ komunitatearen aldeko margolanak. / A

IZASKUN GAZTELU MIÑAUR Orozkoko Osasun, Gizarte Ongizate, Berdintasun eta Enplegu zinegotzia da. GOIZEDER MORAL PONCE, aldiz, herriko berdintasun teknikaria da. Udalak abiatutako LGTBI+ diagnostikoaren nondik norakoak azaldu dituzte. 

Zer dela eta erabaki zenuten diagnostiko hau martxan jartzea?

Diagnostiko hau egitearen beharra, Orozkoko herritar guztien iritzi edota bizipen ezberdinak ezagutzeko helburuarekin hasi genuen, ez bakarrik LGTBI+ pertsonek nola bizi duten euren identitatea herrian ezagutzeko, jakinik ez dela talde homogeneoa, baita herriak sexu-aniztasunarekiko dituen jarrerak, ezagutzak eta sentsibilizazioa ezagutzeko ere. Horrela, herri txikia izanik, bizikidetzarako identitate askeak eraikitzeko eta bizitzeko aukera izateko.

Orozkoko udalerrian dagoen biztanleria gehiengoa zahartze prozesu batean murgilduta dago, baina horrek ez du esan nahi herritar guztien arteko elkarbizitza errespetuzkoa, anitza eta indarkeriarik gabekoa izan behar ez duenik. Horrela, herritarren diskurtsoak eta errealitateak ezagutzeko, LGTBI+ pertsonen inguruan diagnostiko hau eratzearen beharra eta garrantzia ikusi genuen horren aurreko beharrak, neurriak edota aldaketak planteatzeko, herri eraldaketarako, hain zuzen ere.

Gainera, kontuan izan behar da herrian LGTBI+ data esanguratsuen inguruko programazioa eta adierazpen instituzionalak aurrera eramaten direla Berdintasun Sailetik, baina 2022. urtean herriko banku batzuetan pintada LGTBI+fobikoak agertu zirela kolektibo honen bandera ezabatuz eta beraz, jarrera ezkorra agertuz pertsona hauekiko.

"Plan bat etorriko litzateke diagnostikoaren ondoren, LGBTI+ politika publikoak aurrera eraman ahal izateko"

Horren aurrean, eta Udalak bere adierazpen instituzionaletan hartutako konpromezuak direla medio, diagnostiko batek herriaren ezagutze maila handitzeko eta diskriminazio edo zaurgarritasun egoeran egon daitezkeen pertsonen berri izateko eta horren aurrean neurriak hartzeko balio dezakeela pentsatu zen.

Proiektua, adierazi bezala, orain dela urte bat baino gehiago egiteko zegoen planteatua, baina 2023. urtearen azken hiruhilekoan abiatu genuen. Momentu horretan, Hiruki Larroxak, proiektua aurrera eramaten duen entitateak, metodologia zehaztu zuen Udaleko berdintasun teknikari zein zinegotziarekin batera. Hortik abiatuta, landa lana bideratzen gaude momentu honetan, herritarren inguruko informazioa biltzeko.

Lehen urratsak eman dituzue dagoeneko. Nola baloratzen duzue prozesuak orain arte izandako harrera?

Momentuz, harrera positiboa izan duela esan daiteke. Izan ere, bideratu den galdetegiarekin erantzun ugari jaso ditugu eta antolatutako hitzaldi/formakuntzan proiektuaren berri eman zen. Horretara ere talde bat hurbildu zen, mamitsua izan zela ondorioztatuz.

Hala ere, hemendik aurrera aurreikusi dugu elkarrizketa, talde eztabaida eta bestelako parte-hartzerako teknikak baliatzea, informazio edo diskurtso ezberdinak ezagutze eta biltze aldera. Herritar guztiei luzatu nahi diegu horietan parte hartzeko gonbita.

Horretarako, korreo elektroniko bat jarri dugu, edozeinek idazteko aukera izateko: orozko.lgtbi@bizkaia.org

Zer espero duzue Udal moduan atera ahal izatea abian jarritako prozesutik?

LGTBI+ herritarren errealitatea ezagutzeko diagnostiko honek herrian ditugun behar eta interesei erantzun egokia ematea ahalbidetuko digu. Izan ere, herriaren abiapuntu edo argazki erreala aterako digu. Horrek, Orozko LGBTI+ pertsonentzat herri bizigarria izatea ekarriko du. Hori garatu ahal izateko, plan bat etorriko litzateke ondoren, LGBTI+ politika publikoak aurrera eraman ahal izateko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide