Aurten Jubilatuen Elkarteko Batzordeko kideak izango zarete pregoilariak, aitortza suposatzen du horrek? Horrela hartu duzue?
Esker ona eta errekonozimendua suposatzen duela uste dugu. Guk ez genuen inoiz pentsatu elkartearen ardura hartzea. Baina lokala ixten ari zela ikusita, eta inork hartu nahi ez zuenez, gure kargu hartu genuen. Beste ezer baino gehiago, pertsona batzuk etxean geratuz gero, ez direlako berriro ateratzen. Topagune bat da, eta alde ludikoaz gain, jende askori oso ondo datorkio sozializatzeko.
Lokala, esan bezala, ixtera zihoan. Aurreko lehendakaritzak eta batzordeak dimisioa eman zuten hamar urte zeramatzatelako eta nekatuta zeudelako. Itxi, GKE bati dirua eman eta herria elkargunerik gabe uztea erabaki zuten. Dirua nori eman erabaki behar zen egun berean hartu genuen batzordearen ardura, boluntarioak gara denak. Bide honetan ahalegin guztiak egin ditugu lana ondo egiteko eta gauza berriak egiteko.
Noiz eratu zenuten batzordea, eta ondorioz, elkartearen ardura?
Duela hiru urte hasi ginen elkartzen eta ez genuen harremanik aurretik, bistaz baino ez genuen elkar ezagutzen. Elkartu ginen ezin genuelako lokala ixten utzi, beharrak batu gintuen.
Nola jakin duzue pregoilariak izango zaretela? Eta zelan hartu duzue?
Ea pregoilariak izateko prest geunden galdetu ziguten lehenengo, eta behin baiezkoa emanda, proposatu gintuzten. Ohoretuta sentitzen gara, eta berrehun bazkide baino gehiagoren ordezkariak izango gara, horrek bultzatu gaitu baiezkoa ematera.
Zein da zabaldu nahi duzuen mezua?
Jendea animatu dadila batzordean gure erreleboa hartzera, guk datorren urtean utzi egingo dugulako, eta denok pasatu behar gara hemendik, guztiona eta guztiontzat delako. Guk orain zaintzen dugun bezala, guk ere zaindu gaitzaten nahi dugu. Konpromisoa eskatzen dugu, guk ere, aldez edo moldez, gure bizitza dugulako. Erretiratuta bagaude ere, gu gara lanpetuenak. Kontuan izan behar da guk kudeatzen dugula guztia.
Nork irakurriko du pregoia?
Lehendakariak batez ere, baina denon artean egingo dugu. Dena egiten dugu denon artean.
Jaietatik harago, zein da zuen jarduna urtean zehar?
Erretiratuen elkartearen jarduera nagusia txangoak dira, bi hilean behin txango bat egiten dugu. Horretaz gain, ostegun, larunbat eta igande arratsaldeetan irekita egoten da lokala kafea hartzeko, kartetan jokatzeko...
Bestalde, feldenkrais egiten dugu, mugitzeko arazoak dituzten pertsonek ere egin ahal duten gimnasia mota. Eta hileko azken igandeetan txokolate janarekin ospatzen ditugu hilabete horretako urtebetetzeak.
Santa Luzia egunean, aldiz, urtean hil diren guztien omenezko bazkaria eta meza ere egiten ditugu. Oso giro ona dago, eta hori da garrantzitsuena.