Alaitz Aramendi euskal preso politikoaren espetxealdian eragingo luke Espainiako Kongresuak onartutako lege erreformak

Aitor Aspuru Saez 2024ko urr. 9a, 14:00

Alaitz Aramendi orozkoarra, espetxean.ateratako argazki batean.

Orozkoko presoak 13 edota 18 urtetan murriztuko luke bere espetxe zigorra, baina aintzat hartu beharra dago egungo legediagatik 2061era arte preso egon beharko lukeela.

Espainiako Estatuko politika astindu duen gaiak Aiaraldean ere eragin zuzena dauka. Izan ere, Alaitz Aramendi Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kidearen espetxealdia murriztuko litzateke. Orozkoarrak 18 urteko espetxe zigorra jaso zuen Frantziako Estatuan eta 13 bete zituen han. 2021ean kanporatu zuten eta Espainiako Estatuko kartzeletan sartu zuten. Hain zuzen, Auzitegi Nazionalak 535 urteko kartzela zigorra ezarri zion 2022an, horietako 40 urte betetzeko beharrarekin, 2005ean ETAko ekintza batean parte hartzeagatik Madrilen. Gauzak horrela, 2061ean amaituko luke bere zigorra.

Ordea, urriaren 14an Senatuak behin betiko argi berdea emango balio Espainiako Kongresuak onartutako lege erreformari, espetxe frantziarretan egondako denbora aintzat hartu beharko lukete eta, ondorioz, kartzelaldia murriztuko litzateke.

Aiaraldea Komunikabidea presoaren familiarekin jarri da harremanetan eta honek adierazi dio ezin dutela zehaztu murrizketa zenbatekoa izango litzatekeen: "Ez dakigu 13 edo 18 urtekoa izango litzatekeen, ezta zigor erredentzioek eragingo lioketen, edota bigarren eta hirugarren graduak lortzeko aukera izango lukeen, baina bai, espetxealdia murriztuko litzateke".

Berez, Alaitz Aramendiren senideek 2022an bertan salatu zuten orozkoarrari bizi osorako espetxe zigorra ezarri ziotela bere espetxealdia 40 urtez luzatuta eta, euren aburuz, sortu den iskanbilarekin argi geratu da euskal preso politikoen kontra lege ezberdina erabili dela. "Jende ororen sufrimendua errespetatuta, bistakoa da euskal presoen kontra salbuespen legedia baliatu dutela, baita beste toki batzuetan torturatzat jotzen diren praktikak ere, isolamendua kasu. Gogoratu nahi dugu Arantza Zulueta Andaluziako espetxe batean urteak eman zituela isolamenduan behin-behineko espetxealdian".

Aiaraldea Komunikabidea presoaren familiarekin jarri da harremanetan eta honek adierazi dio ezin dutela zehaztu murrizketa zenbatekoa izango litzatekeen

Lege erreformaren muina

Hedabide gehienetan hautsak harrotuta agertu da irailaren 18an Espainiako Kongresuak gehiengo osoz onartu duen lege erreforma. Horren arabera, presoek Europar Batasunean betetako zigorrak aintzat hartu behar dira Espainiako kartzeletan, Europar Batasunaren araudia bera jarraiki.

Hasiera batean, eta kontuan hartuta Europako Legera moldatzeko urratsa dela, aldaketak ez zuen arretarik erakarri. Ordea, 44 euskal preso politikoren espetxealdietan eragina izango duela konturatu direnean, PPk eta Voxek ekin diote kontra egiteari. Bi alderdiek baiezkoa eman zioten aldaketari, baina berriki zenbait biktimen elkarteei barkamena eskatu diete eta saiatzen ari dira moldaketa hori indargabetzen.

Senatuko azken baiezkoa

Kongresuak onartu eta gero, azken prozedura geratzen da lege erreforma indarrean sar dadin. Senatutik igarotzean datza azken urrats hori. Atzo aurrera egin behar zuen moldaketak, baina PPk daukan gehiengoa baliatu zuen gaien artetik kentzeko. Horrela, urriaren 14an bete behar dute prozedura.

Printzipioz, nahiz eta PPk eta Voxek gehiengoa izan Senatuan, ezingo dute erreforma atzera bota, bere garaian ez baitzuten zuzenketarik aurkeztu eta, ondorioz, ez dago ezer eztabaidatzeko. Hala ere, hedabideetan eragiten ari diren presioa handia izaten ari da, PSOEri egotzita aldaketa EH Bildurekin adostu izana.

Sumar alderdiaren ekimena

Espainiako eskuinak sozialisten eta independentisten ezkutuko agenda politikoari ardura egozten badio ere, errealitatea da Sumar alderdiak egin zuela moldaketa hori gauzatzeko iradokizuna eta ez zuela inolako oposiziorik piztu batzordean. Are gehiago, lege erreformaren batzordean parte hartu zuten diputatuei (hiru PPkoak eta bi Voxekoak) hamar orrialdeko txostena eman zieten zeinean aldaketaren nondik norakoen berri ematen zuten.

Gainera, irailaren 18an Jose Manuel Velasco PPko diputatuak hitza hartu zuen azaltzeko baiezkoa bozkatuko zutela Kongresuan eta leporatzeko Gobernuari legea bi urte berandutu izana, araudi europarraren "trasposizio hutsa" baitzen.

Ez da norabide bereko lehen erreforma

Berez, ez da lehen aldia europar araudiaren egokitzapen hori jorratzen dela Kongresuan, Europar Batasuneko estatuetan betetako espetxealdiak kontuan har daitezen Espainiako Estatuan. Hain zuzen, Mariano Rajoy presidente izan zen garaian egin zen lehen moldaketa. Baina orduko hartan trabak jarri zizkieten ETAko kideak izateagatik zigorrak bete zituztenei. PPren Gobernuak ezarri zuen 2010eko abuztuaren 15a baino lehen ebatzitako zigorrak kanpo geratzen zirela. Oraingo erreformaren bidez, baldintza hori desagertuko litzateke.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide