Musika eskaintza zabala taularatuko dute Zaloako Jaiek

Aimar Gutierrez Bidarte 2025eko ekainaren 26a

Hiru egunez luzatuko dira Zaloako Jaiak, eta musika izango dute ardatz. / Zaloako Jai Batzordea

Ekainaren 27tik 29ra luzatuko dira Zaloako Jaiak. Jai-batzordeak musika eskaintza zabal eta askotarikoaren aldeko apustua egin du. Deiedra, Katilu, Barrrk, Painapple eta La Txirla Records bandak igoko dira Orozkoko auzoko eszenatokira.

Zaloako Jaiak ospatuko dituzte asteburuan. Urteroko eskema jarraituz, aurten ere, musika eskaintza zabala eta paella txapelketa izango dira programazioko protagonistak, baina beste hainbat ekintza ere antolatu dituzte.

Hiru festa egun

Bihar, ekainak 27, piztuko dira Zaloako jaiak. Kamishibai ipuin kontalaria izango da jarduerei hasiera emateaz arduratuko dena, 19:00etatik aurrera. Ostiraleko soinu banda, aldiz, Deiedra eta Katilu musika taldeek jarriko dute. Deiedra Rebel Folk bandak Irlandako eta Eskoziako doinuak ekarriko ditu auzora, "Zaloako plaza irlandar pub bilakatzeko". Katilu Arrigorriagako hirukoteak 2022an bisitatu zituen Zaloako jaiak lehenengo aldiz, eta aurten ere Blues-Rock musikarekin beteko du auzo orozkoarra. 

Larunbata izango da asteburuko egun nagusia. Meza ostean herri kirol erakustaldia eskainiko du Arrigorriagako Jasoka taldeak, eta ordu horretan hasiera emango diote ere paella txapelketaren edizio berriari. Txapelketako parte hartzaileek 14:30ean aurkeztu beharko dituzte paellak. Arratsaldea freskatzeko garagardo dastaketa egingo dute 19:00etan, eta 21:00etan kontzertuei bide emango diete.

Hiru talde igoko dira Zaloako oholtza gainera: Barrrk, Painapple eta La Txirla Records. Barrrk bandak Walking About EPa plazaratu berritan igoko da Zaloako eszenatokira, Orozko Rocken utzitako zapore ona errepikatzeko asmoz. Painapple taldeak, pop-punk doinuak ardatz, iazko azaroan kaleratutako Bitter lana aurkeztuko du zuzenean. Azkenik, urte luzeko etenean salbuspena eginda, La Txirla Records taldeak La Polla Records banda ezagunari omenaldia eskainiko dio.

Igandean agurtuko dituzte Zaloako Jaiak. Bizilagunak bertsolarien, porra txapelketaren eta pintxo-janaren inguruan elkartuko dira 13:00etatik aurrera, festak azken unera arte zukutzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide