Euskara izango da protagonista aurtengo Orozkoko Sanantolin jaietako txupinazoan. Izan ere, herriko Berbalagun taldeari eskaini diote festetako lehen suziria pizteko ohorea. Urduritasuna ezin ezkutatuta jaso du aitortza taldeak, pregoia irakurtzeak eta txupinazoa jaurtitzeak suposatzen duen arduraz jakitun. Baina kezka guztien gainetik “ohorea eta poza” daudela azaldu diote Aiaraldea Komunikabideari. “Ohore handia da Berbalagun taldea pregoilari aukeratu izana”, nabarmendu dute taldeko kideek; bereziki, “euskarari daukan garrantzia eman zaiolako”.
Jaiak euskaraz
Aitortza jasota, pregoia osatzen ari da Orozkoko Berbalagun taldea. Oraindik testu definitiboa idatzita ez duten arren, oso argi dute udaletxeko balkoitik zabaldu nahi duten mezua zein izan go den: “Euskara bizirik dagoela, Berbalagun bitartez sarea zabaltzen ari garela. Euskara erabili nahi duenak hemen txoko bat daukala erabili ahal izateko giro erosoan”.
“Ohore handia da Berbalagun taldea pregoilari aukeratu izana”
Azpimarra egingo dute aurtengo jaietan inoiz baino gehiago herritarrek euskara erabiliz gozatu dezaten. Berbalagun taldea osatzen duten pertsonek ere horrela ospatuko dituzte sanantolinak; “poztasunez eta euskaraz”.
Gogotsu daude jaiei hasiera emateko. Izan ere, Orozkoko festak “herrikoiak, hurbilak eta jatorrak” direla aldarrikatu dute taldeko lagunek. Gauza guztien gainetik, inguruko herrietako jendea “eskuzabaltasunez” jasotzen duten jaiak direla adierazi dute.
Berbalagunak Orozkon
Asteartero-asteartero herriko taberna batean elkartzen da Orozkoko Berbalagun taldea, arratsaldea euskaraz mintzatzen igarotzeko asmoz. Saioak 17.00etan hasi eta 19:00etara arte programatzen dituzten arren, askotan, oharkabean, gehiago luzatzen direla onartu dute, hizketaldi atseginaz ahalik eta gehien gozatzeko: “oso gustura egoten gara elkarrizketan”.
Orotariko gaiak lantzen dituzte, libreak oro har: “Egunerokotasuneko kontuak, kontu pertsonalak… euskara modu atsegin eta erraz batean erabiltzea da helburua; eta bertara gerturatzen garenon arteko elkarrizketa sustatzea”.
Herritar oro batu daiteke asteroko hizketaldira. Berbalagun taldean parte hartzeko nahikoa da udaletxeko Euskara Arloan izena ematearekin. Zuzenean taldera bertaratzeko aukera ere badu euskara praktikatu nahi duen orok.
Euskararen kale-erabilerak beheranzko joera duen unean iritsi da Orozkoko Berbalagun taldeak jasotako aitortza, horrelako ekimenak inoiz baino garrantzitsuagoak direla balioan jarriz. “Kalean, guk nahi genukeen baino euskara gutxiago erabiltzen da. Apur bet motel gabiz zentzun honetan eta bultzada bat emon nahi diogu euskarari plazara zabaldu daiten”, azaldu diote taldekideek Aiaraldea Komunikabideari. “Gehienok ezagutza badugu eta gure belaunaldi gazteagoei transmititu diegu. Erabilera hobetu behar dugu eta horretarako erabileraren garrantziaz ohartarazi behar diegu, gu hauen eredu garelarik”.
Funtsean denok Berbalagun izatea da aurtengo pregoilarien nahia: “Atera dezagun euskara plazara, gozatu dagigun euskaraz eta jarraitu dezagun euskaraz mintzatzen ere urtean zehar, bai Orozkon zein beste Euskal Herriko beste txokotan. Euskara gurea delako eta maite dugulako. Danok izan gaitezen Berbalagun!”