Aurten bai. Bederatzi urte eta gero Korrikak Orozko zeharkatu du gaur goizaldean. Lau edizio ziren euskararen aldeko ibilbide erraldoia herritik pasatzen ez zenetik eta bizilagunek gogoz eta ilusioz egin diote harrera beroa Baranbiotik zetorren jende multzoari.
Perurena familiak izan du lekukoa hartu eta lur orozkoarretan lehenbiziko kilometroa egiteko ohorea eta herriko zein eskualdeko eragile eta talde ugarik eskuz esku eman diote gero elkarri.
Harro erakutsi du Orozkok herri txikia izanagatik ere euskararen aldeko konpromiso handia dutela bertako biztanleek, jendetza batzen joan baita Korrika herrigunean barrena sartu ahala. Zubiaur auzoko kaleak atzean utzi eta Aretarako bidea hartu du gero, dagoeneko abiadura nabarmen azkarragoa hartuta, herritik herrira joatera ausartu diren korrikalari kuadrillarekin batera.
Argazkiak: Aimar Gutierrez Bidarte eta AEK-Korrika.