Giro ederrean ospatu dute Zaloako jaiek X. urteurrena

Erredakzioa 2026ko ekainaren 29a

Ostiraletik igandera luzatu dira Orozkoko auzo horretako jaiak, adin guztietarako egitarauarekin. 

Eguraldi bikainak eta giro apartak lagunduta ospatu da aurtengo Zaloako jaien X. urteurrena. Hiru egunez, auzotarrek eta bisitariek adin guztietarako prestatutako ekintzez gozatzeko aukera izan dute, musika, gastronomia, kirola eta tradizioa uztartuz. Hamargarren urteurrena ospatzeko prestatu den egitarau zabalak berriro ere agerian utzi du Zaloako jaiek duten indarra eta herritarren parte-hartze handia.

Ostiralean, jai hasierako ekitaldiek eman zieten hasiera ospakizunei. Gauean, Adar eta Moonshine Wagon taldeen kontzertuek giro paregabea sortu zuten.

Larunbatean, meza eta pintxoen ostean, paella txapelketa egin zen, eta guztira 21 paella aurkeztu ziren, parte-hartzaileek beren sukaldaritza trebetasunak erakutsiz. Eguerdian, Jasoka Herri Kirolak taldearen erakustaldiaz gozatzeko aukera egon zen, eta arratsaldean Kalakako jolas tradizionalek eta tailerrek txikien zein helduen gozamenerako tartea eskaini zuten. Iluntzean, garagardo dastaketak eta kontzertuek giro hobezina jarri zuten, The Ganorabakos, Gautegun eta DJ Arriagaren emanaldiekin. Nahiz eta euri zaparrada ederra bota, jai giroak ez zuen etenik izan, eta parte-hartzaileek gogotsu jarraitu zuten egitarauarekin.

Domekan, pintxoek eta bertsolariek hartu zuten lekukoa. Ondoren, porra txapelketa egin zen, eta jai giro ederrean eman zitzaien amaiera aurtengo Zaloako jaien X. urteurreneko ospakizunei.

Argazkiak: Zaloako Jai Batzordea

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide