Henry Mendezek ez du joko sanantolinetan irailaren 4an. Izan ere, abeslariak babesa adierazi zion Rafa Mir futbol jokalariari 8 urte eta erdiko kartzela zigorra jaso ostean, sexu erasoagatik eta lesio delituengatik, eta horrek musikariaren kontrako erantzuna piztu du herrian.
Udalak azaldu du hainbat kexa jaso dituela geroztik eta egoera horrek istiluak, gatazkak edo liskar bortitzak eragin ahal dituela jaietan, eta arriskuan jar dezakela bai bertaratutakoen segurtasuna, bai artistarena bera, baita ekitaldiaren garapen normala ere.
Gauzak horrela, tokiko erakundeak herritarren segurtasuna bermatzeko eta jaiak errespetuz, lasaitasunez eta gorabehera barik ospatu daitezen hartu du erabakia.
Eraso matxistarik ez
Horrez gain, EAJko udal gobernu taldeak erantsi du Udalbatzak genero-indarkeriaren aurkako jarrera irmoa berretsi duela, eta emakumeen aurkako edozein indarkeria-adierazpenen aurrean tolerantzia zero izango duela.
Udalaren esanetan, "Orozkoko jaiak pertsona guztientzako gune herrikoia, segurua eta lasaitasunezkoa izan behar dira, eta jaiak aisialdirako uneak izateaz gain, herri moduan sustatu gura diran balioen isla ere badira".
EH Bilduk txalotu du erabakia
Oposizioko talde nagusiak, bere aldetik, oharra zabaldu du erabakia txalotzeko eta sakondu du arrazoietan: "Henry Mendez abeslariak publikoki egindako adierazpenetan denok ikusi ahal izan dugun bezala, babes eta animo mezua helarazi dio emakume bat bortxatzeagatik 10 urteko kartzela zigorra jaso duen Rafa Mir futbolariari eta Voxeko burua den Abascali botoa ematea eskatu izan du bebai. Adierazpen eta jarrera hauek onartezinak dira eta matxista eta faxista den pertsona bat ez da inoiz ongi etorria izango gure herrian".
Erantzun antifaxistatzat jo du EH Bilduk erabakia
Halaber, EH Bilduk gogoratu du antzeko egoera jazo zela herrian duela urte batzuk eta oso kritikoak izan zirela orduan ere: "Ez da Orozkora faxistak gonbidatzen dituzten lehen aldia, gogoratu dezakegu, 2021eko abuztuan, Orozkoko Udalak eta Bilboko Klub Taurinoak Juan José Padilla toreroa ekarri zutela hona hitzaldi bat ematera".
Koalizio abertzaleak erantzun antifaxistatzat jo du erabakia: "Ez dugu onartuko eskubideen kontra, emakumeen eta LGTBIQ+ kolektiboko pertsonen kontra, erasotzaileen alde, faxismoaren alde eta indarkeria matxistaren alde posizionatzen direnei orozkoar guztion dirua, ahotsa eta tokia ematea. Kontzertua bertan behera uztea erantzun antifaxista eta feminista bat ematea da eta hori da Orozkon erakutsi dugun konpromisoa. Jaiak askatasunean eta berdintasunean gozatu nahi ditugulako".
Azkenik, EH Bilduk arreta eskaini dio euskararen egoerari jai egitarauan: "Ezin delako gertatu udalerri euskaldun bateko Udal batek gaztelera hutsezko ekintza gehiago antolatzea euskarazkoak baino. Orozko udalerri euskalduna izaten jarraitzea behar dugulako eta euskaraz bizi nahi ditugulako".