Eskualdeko udalerri guztietako jaietan euskara bultzatzeko ezarritako neurriak eta azken lau urteetako egitarauak aztertu eta diagnostikoak osatu ditu Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak. Argitaratu ditu dagoeneko Urduña, Aiara, Arrankudiaga, Arakaldo, Amurrio eta Laudioko jaiei dagozkien txostenak, eta Orozkoren txanda izan da oraingoan.
Orozkoko Udalak Gora Aiaraldeko Jai Euskaldunak! dinamikarekin bat egin zuen 2024an, eta bertan hartutako konpromisoei erreparatu die Kontseiluak, bai eta azken lau urteetako jai programazioetan euskarak izandako presentziari ere.
Gora Aiaraldeko Jai Euskaldunak!
Gora Aiaraldeko Jai Euskaldunak! egitasmoari dagokionez, oro har, balorazio positiboa egin du euskararen aldeko eragileak. Azaldu dutenez, kanpaina ofizialaren pankarta, Ondo etorri Sanantolinetara! Lehen berbatik euskaraz! lema daramana, leku ikusgarrian jarri dute beti eta, horrez gain, kartel eta pegatina zirikatzaileak itsatsi eta banatu izan dira, azken urteetan, are, agortu direlarik.
Orozkoko tabernetan ere lanketa beharrezkoa dela nabarmendu du eragileak, "orobat nahiko erdaldunak" baitira. Udalarekin batera ostalaritzako establezimenduei bideratutako dinamika berria martxan jartzen ari dira.
Euskarri fisikoekin jarraitzeko, aurten edalontzi bereziak egiteko aukera aztertzen ari dira, euskararen aldeko mezuekin, kontseiluak aurreratu duenez.
Esatarien kasuan, AIEKEk azpimarratu du esatari guztiak euskaldunak direla Orozkoko jaietan, salbu zekorketetakoa, eta hori aldatu beharko litzatekeela azpimarratu du.
Dena den, ez da hori proposatutako hobekuntza bakarra. Txostenean azaldu dutenez, bi txosna egon ohi dira herrian, eta bietan bermatzen da arreta eta paisaia linguistiko euskalduna. Musikari dagokionez, ordea, bietako batean entzuten denaren erdia baino gehiago erderaz dela ohartarazi du kontseiluak, eta haiek sortutako baliabideak ere eskura daudela gogorarazi dute.
Bide horretan, Orozkoko tabernetan ere lanketa beharrezkoa dela nabarmendu du eragileak, "orobat nahiko erdaldunak" baitira. Udalarekin batera ostalaritzako establezimenduei bideratutako dinamika berria martxan jartzen ari direla ere aurreratu dute.
Gora Aiaraldeko Jai Euskaldunak! dinamikaren balorazioarekin amaitzeko, Euskararen Semaforoarekin egondako gorabeherak azaldu ditu AIEKEk txostenean eta aipatu du ez dela "guztiz modu egokian baliatu". Izan ere, festen programazio liburuxkan "ez da azalpen taula txertatzen eta, bestetik, etiketatu behar ez diren ekintzak etiketatu dira".
Jai egitarauen azterketa
Azken lau urteetako festen programazioei ere erreparatu die Euskalgintza Kontseiluak. Oro har, balorazio positiboa egin du, batez ere, haurrentzako ikuskizunei dagokienez, guztiak izan baitira euskara hutsez. Helduentzako ikuskizunak ere euskaraz izan ohi dira ia denak, salbu urte bateko ekintza bat.
Musika eskaintzaren %73 gutxienez euskaraz izan beharko luke Orozkon, programazioa hizkuntzaren normalizazioarako eta biziberritzerako tresna izan dadin, Kontseiluak ohartarazi duenez.
Musika eskaintzan gorabeherak identifikatu dituzte, ordea, sortutako grafikoetan ikus baitaiteke urtearen arabera euskarazko kontzertu edo kalejiren kopurua handiagoa edo txikiagoa izan dela. Horri aterabidea emateko, irizpide zehatzak finkatzea proposatu du eragileak, eta azaldu du Orozko UEMAko udalerria izanik eta euskalduntze indizea %73koa izanik, hortik gora kokatu beharko litzatekeela langa, programazioa hizkuntzaren normalizaziorako eta biziberritzerako tresna izan dadin.
Aztertutakoak kontuan hartuta, euskararen biziberritzea bultzatzeko tresnei dagokienez, Orozkoko jaiek indarguneak eta ahulguneak dituztela ondorioztatu du AIEKEk, eta adierazi du, "abiapuntua txarra ez" den arren, oraindik badagoela "bide bat egiteko, ekimen batzuk garatzeko eta neurri zein erabaki zenbait hartzeko beharra, erronka ezberdinei aurre egiteko".