ANDER MARTINEZ PERURENA

“Ni ez naiz oso tradizionalista, baina garrantzitsua da gure nortasuna ezagutzea eta jakitea zer gura dugun gure jaien etorkizunerako”

Maider Ramirez Martin 2026ko abuztuaren 25a

Zipotz, Orozkoko Jaietako pertsonaia, gorpuztu du urte luzez Ander Martinez Perurenak. / Aiaraldea.eus

ANDER MARTINEZ PERURENA da aurtengo jaietako pregoilaria. Dantzaria, trikitilaria, irrintzilaria… jai giroa zainetan darama orozkoarrak. Zipotz txotxongiloarekin batera igoko da udaletxeko balkoira, eta aurreratu digu bertatik zabalduko duela jai koloretsuen aldeko mezua, zentzu guztietan. 

Orozkoko jaietako pregoilaria izango zara aurten. Nola jakinarazi zizuten?

Oso momentu kuriosoa izan zen. Plantxatzen nengoen eta aitak bat-batean esan zidan: “Zer, aurten zuri tokatzen zaizu pregoilariarena, ezta?”. Ni hor histeriko total jarri nintzen, baina aita egoera konpontzen saiatu zen, agian erratu zela esaten. Amarengana jo nuen orduan eta berak aitortu zidan aita aurreratu zela eta Zaloa Rotaetxek deitu behar zidala albistea emateko.  Handik eta bost minutura deitu ninduen Zaloak. 

Zer sentitu zenuen orduan?

Bizi izan duenak jakingo du akaso zer den, baina bizi ez duenarentzat… momentuan kriston adrenalina txutea da. Pozez, algaraz nengoen, oso hunkituta ere. Baina gero badator aje apur bat eta pentsatzen duzu: “Ostras, zelako ardura!”

Pregoian bidaliko duzun mezuaz zerbait kontatu ahal diguzu?

Oraindik ez daukat guztiz prest, baina ideia batzuk zirriborratu ditut. Aurten niri eman didate pregoilaria izateko ohorea, baina baita Zipotzi ere bai. Zipotz txotxongilo festari bat da, eta, beraz bidaliko duen mezua izango da jaiak alaiak izan daitezela, jende guztiak ahal duen bitartean beren erropak aldrebestu ditzala, eta ahalik eta koloretsuenak izan daitezela.

Koloretsuak horrek dakarren guztiarekin: aske maite, aske sentitu eta izaera guztietako jendea errespetuz jaso ditzagun. Jai herrikoien alde egiteko mezua ere zabalduko du, eta euskara plazara ateratzekoarena, hizkuntza gure nortasunaren parte delako. 

Ezagutzen ez duenarentzat, nor da Zipotz?

2004an sortu zen Zipotz, jaien testuinguruan, eta oparitu zidaten. Urtez urte bilakatu da jaien arima bizi eta alaia. Edozein kalejira dagoela, hor dago Zipotz. 

“Nik ez dut imajinatzen nire burua Orozkoko jaietatik kanpo"

Zer dira zuretzat Orozkoko jaiak?

Nik ez dut imajinatzen nire burua Orozkoko jaietatik kanpo, ezingo nuke, adibidez, oporretan joan egun horietan. Oso-oso gertutik bizi ditut. Urtetik urtera ikusten duzu hurbiltzen direla jaiak eta emozioa gero eta handiagoa da. Dantza egiteko, abesteko, familia eta lagunekin batzeko eta urtean zehar ikusi ez duzun jende horrekin elkartzeko uneak dira. 

Azken urteetan jaiak asko aldatzen ari direla uste duzu?

Nik uste dut jaiekiko herriak duen atxikimendua berdin edo oso antzeko mantentzen dela, hau da, sutsuki bizi ditugula. Baina bai ikusten dut lehen beharbada bertakotik jotzen genuela gehiago eta orain proposamen asko ere kanpotik datozela. 

Ni ez naiz oso tradizionalista, baina horren aurrean esan behar dut batzuetan aldaketa berriak tentuz hartu behar direla, eta kontuan eduki gu nondik gatozen, gure nortasuna zein den eta zer gura dugun gure jaien etorkizunerako.

Zer pisu du zuretzat tradizioa?

Askok lan handia egin dute gure ondarea babesteko eta uste dut gure ardura ere badela hori lantzea. Tradizioak mantentzea garrantzitsua da, baina jakin behar dugu ere aldaketei egokitzen. 

Gazteok ardura handia dugu etorkizuneko jai herrikoien aldeko apustua egiteko. Batzuetan badirudi hemengoaren edo tradizionalaren eta kanpokoaren edo berriaren arteko tira-bira etengabe bat dagoela, eta hor garrantzitsua da oreka topatzea. 

Dantzaria, trikitilaria, irrintzilaria… Nondik datorkizu euskal kulturarako grina hori?

Bai, faranduleroa! (Barreak) Ez dakit zehazki nondik datorkidan… Familiak eragin handia du, hori ezin da ukatu. Esango nuke nire kasuan nahasten direla berez datorkidan nortasuna eta irakatsi didatena. Baina bai, beti izan naiz pixkat saltseroa. 

Saltsara itzulita, nola biziko dituzu aurtengo jaiak?

Guztiz bereziak izango dira. Gasolina sartuko dut topera egon arte, eta gero kontsumitu azkeneko tanta eman arte. Zipotzekin aterako naiz, lagunekin, kantatzen, dantzatzen… 

Inguruko herri guztietako jendearen zain egongo gara: Laudio, Amurrio, Arakaldo, Artziniega… Aiaraldea osoa hemen espero dugu, baita kanpokoak ere!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide