Aingeru Olaguenaga Iza Orozkoko zinegotzia izan genuen Azalera podcastaren iragan osteguneko atalean eta udalerriko hainbat gai izan zituen hizpide: etxebizitzari buruzko galdetegia, aurrekontu parte hartzaileak, Sanantolinen balorazioa, Henry Mendezen kontzertuarekin hartutako erabakia eta abar.
Horrez gain, Orozkon nahiko errepikakorra den gai bat ere izan genuen ardatz elkarrizketan: Larragorriko parke eolikoaren proiektua, administrazioaren ezezkoa jaso baitzuen egitasmo horrek, Udalak Goikolandetan dorre anemometrikoa instalatzea debekatu ostean.
“Garaipen txiki bat” izan zen hori, Olaguenagaren hitzetan, “aurrera jarraitzera” animatzen diena. Hala ere, zinegotziak ez daki auzia nola amaituko den, Green Capital enpresak aukera duelako helegiteak jartzeko, eta epaitegietara ere jo dezake.
Modu batean edo bestean, argi mintzatu zen udal ordezkaria: “Gure hirigintza eta ingurugiro arautegietan zein Aldundikoetan ez da sartzen Larragorriko parkea. Gaur egungo arautegia kontuan hartuta 2026an ezin da egin proiektu hori”.
Bukatzeko, zinegotziak mikrofonoak eskainitako aukera baliatu nahi izan zuen larunbat honetan herrian antolatuko den Itxinan Barrena mendi lasterketa promozionatzeko, bertaratzeko gonbita luzatuz aiaraldear guztiei.