Administrazioaren ezezkoak jaso dituzte Mendi, Ferosca I eta Larragorriko zentral eolikoek eta Solariak

Aitor Aspuru Saez 2026ko maiatzaren 8a

Oposizio nabaria izan dute proiektu berriztagarriek Aiaraldean.

Makroproiektu berriztagarriak sustatzen ari diren enpresek ezustekoa jaso dute Arabako Foru Aldundiaren eta epaileen aldetik, euren egitasmoen kontrako erabakiak azaleratu baitira azken egunetan.

Herritarrek eta Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak poztasuna adierazi diote Aiaraldea Komunikabideari, Mendi, Ferosca I eta Larragorriko proiektu eolikoek administrazioen ezezkoa jaso baitute.

Aiarako Udalak azaldu du Arabako Foru Aldundiak ukatu egin duela lurzoru urbanizaezineko Mendi zentral eolikoaren Plan Bereziaren hasierako onarpena.

Aiararen kasuan, azpiegitura elektrikoak jarri behar zituen enpresak Murga eta Luiaondoko kontzejuetan, komunitatearen ekipamenduko zonetan, tren-geltokian eta baita Nerbioi ibaiaren arroan ere.

Ferosca I egitasmo eolikoaren kasuan, Arabako Foru Aldundiak ondorioztatu du zentral eolikoaren Plan Bereziak indarrean dagoen hirigintza araudia urratzen duela eta gabezia horiek ezin direla konpondu. Gauzak horrela, plana ezeztatu du.

Larragorriren kontrako epaia

Larragorriko proiektu eolikoari dagokionez, Green Capital enpresak helegitea jarri zuen Administrazioarekiko Epaitegian Laudioko Udalaren kontra. Izan ere, tokiko erakundeak ez zion baimendu dorre anemometrikoa instalatzea Goikolandetan.

Epaitegiak adierazi du eremu hori urbanizaezina dela eta paisaiaren babesa ere baduela. Epaileek argitu dute azpiegitura behin-behinekoa izateak ez duela aldatzen lurralde horren sailkapena.

Solaria ere

Solaria enpresak dituen proiektu ugariren artean, egin nahi zuen ebakuazio elektrikoko linearen baimena iraungi da. Kasu horretan Luiaondo, Murga, Arespalditza eta Zuhatzako kontzejuei eragiten zien, Solaria-Zierbena Solar 3ko sarbide eta konexioa. Zehazki, ez du bete ingurumen-inpaktua lortzeko epea.

Aiarako Udalak azpimarratu du hiru aldiz aurkeztu zituela errekurtsoak horren kontra.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide