"Astronauta probetara aurkeztuko naiz 30 urte inguru ditudanean, hori baita sasoirik onena"

Izar Mendiguren Cosgaya 2016ko eka. 8a, 15:42

ERLANTZ OTAOLAk (Urduña, 1993) astronauta izatea du amets. Espazioaren inguruko ikerketa bat egiten dabil: espazioko teknologiaren inguruko masterr, hain zuzen ere.

Altu iristeko beharrezkoa da espazioa ikertzea?

Ni espazioa ikertzen ari naiz, teoriek mugagabea dela diote. Niretzako altu edo urrun iristea, ahaztuko ez duten zerbait egitea da, ez nitaz gogoratzeko, jendartearentzako zerbait garrantzitsua eta baliagarria lortzeko baizik.

ERLANTZ OTAOLAk (Urduña, 1993) astronauta izatea du amets. Espazioaren inguruko ikerketa bat egiten dabil: espazioko teknologiaren inguruko masterr, hain zuzen ere.

Altu iristeko beharrezkoa da espazioa ikertzea?

Ni espazioa ikertzen ari naiz, teoriek mugagabea dela diote. Niretzako altu edo urrun iristea, ahaztuko ez duten zerbait egitea da, ez nitaz gogoratzeko, jendartearentzako zerbait garrantzitsua eta baliagarria lortzeko baizik.

Zer gustatuko litzaizuke aurkitzea unibertsoan?

Ni zientzia adarretan baino teknologikoan murgilduta nabil, zientifikoek datu baliagarriak eskuratzeko teknologiak garatzen.

Zientziaren munduan gauzak demostratzea zaila da?

Bai, oso. Lan asko eskatzen du. Zientziak duen ona aurrez ezagututako jakintza oinarri duzula da, jendeak ikertzen duenaren gainean egiten da lan. Horrek alde on eta txarra du, ez baduzu esan dutena zalantzan jartzen bide okerretik jarraitzeko arriskua duzu eta.

 

"Zientzian ezer ez da finkoa, geroz eta gehiago jakin, orduan eta gutxiago dakizula ohartzen zara"

 

Zientziaren adarra zein da, pazientzia?

Bai, karkar! Pazientzia, oinarri eta lan talde ona behar da lanerako. Zuk bakarrik lan egitea arazo bat da, inork ez baitu zure emaitza kontrastatzen. Zure inguruan jendea baduzu errazagoa da akatsak detektatu eta zuzentzea.

Zure helburua astronauta izatea da. Nondik datorkizu horretarako grina?

Txikitatik argi nuen, gauetan zerura begiratzean eta izarrak ikustean beti  pentsatzen nuen zer egongo ote zen hor inguruan. 9 urterekin NASAra gutun bat bidali nuen eta erantzun egin zidaten. Oso oso zaila da astronauta izatea, baina lortzea gustatuko litzaidake. Oso jende gutxik du espaziora bidaiatzeko aukera, eta jendarteari on egiteko espazioan ikerketak egiteak lagundu egiten du, lurrean garatu ezin diren esperimentuak egin daitezkeelako bertan.

Txikitan teleskopioarekin ibiltzen zen horietakoa zinen?

Ez nuen teleskopiorik etxean, planetariuma baizik. Zerua ikustea eta dokumentalak ikustea asko gustatzen zitzaidan. Ilargiari katalejoekin begiratzen nion. Begiekin bakarrik uste duzuena baino gehiago ikusi daiteke: gauero bi planeta ikusi daitezke gutxienez. Duela gutxi Jupiter ikusteko aukera egon zen, eta lau planeta alineatu ziren. Horren inguruan jakiteko, baina, astronomia albisteak arakatu behar dira, bestela zaila delako izarrak eta planetak bereiztea.

Zaila al da astronauta izateko bidea?

 

"Ia ezinezkoa da astronauta izatea. Azken urteetan 10.000 pertsonek eman dute izena eta 6 bakarrik aukeratu dituzte. Hamar urtean behin irekitzen dira zerrendak eta probak nazioartekoak dira"

 

Ezaugarri jakin batzuk badituzu aukera izan dezakezula pentsa dezakezu, baina Suediara joan ginenean bertako Espazio Agentziara hitzaldi extraofizial bat eman ziguten astronauta nola izan jakiteko. Europako Agentziako kideak izateak, doktoretza izateak, errusiera jakiteak (entrenamendu probak errusieraz dira eta), nabeak pilotatzeko tituluak (helikopteroak, hegazkinak...), taldekako kirolak praktikatzeak... laguntzen dutela esan ziguten. Inbertitzen den dirua gehiegi da dibertsioagatik soilik joateko hara gora.

Espazioa aztertzeko mundutik asko ibili behar da?

Lehen agian bai, orain ez. Teleskopio famatuenetako bat Hawain dago, baina orain automatizatuta dago, behaketa ordua erreserba dezakezu eta etxetik maneiatu. Nik hori egiten ikasi dut, teleskopioen diseinua eta nabe espazialena; unibertsoa lurretik ikertzen, alegia. Energia nola lortu, nabea beti zuk nahi duzun tokian nola mantendu, sistema ezberdinak, izarretatik datorren argiak sortzen duen distortsioa nola manipulatu...

Atmosferaren zulaketak zuloa utzi al du?

Kapa bakoitza hainbat elementuz osatua dago. Pertsonok sortzen dugun kutsadurak ere eragina du, noski. Esaterako, hiri handiek sortzen duten argi kutsadurak aztertzen ari zaren bestelako argi datuak nahasten ditu. Horregatik, teleskopioak herriguneetako nukleoetatik aldendu behar dira, mendietan jartzen ditugu.

Espazioaren hizkuntza zein da?

Ingelera. Liburuak, programak... ingeleraz daude. Errusiera entrenamenduak han egiten direlako eskatzen da. Europako eta Ameriketako Agentziak (NASA) dira nagusienak, eta horietan ingelera erabiltzen da.

Urtero zenbat jende joaten da espaziora?

Urtearen arabera, ez dakit. Hemendik 300 kilometrora zentro espazial berezi bat dago eta esperimentuak egiten dira bertan. Lurrari bueltaka egoten da, eta tarteka astronautak joaten dira ikerketak egitera. Azkenekoa 50 urteko bi bikirekin izan da, zahartzaroan espazioak duen eragina aztertzeko bien bilakaera konparatu zuten, biek antzerako elikadura, ariketa fisikoa... eginda. Oro har, jende nagusia hautatzen da horretarako, espazioan eguzkiaren erradiazio kopurua oso handia denez edadetuen metabolismoa mantsoagoa delako.

Nola bidaiatzen da Martera?

Oso kalkulatua dago dena, mila simulaziorekin eta azken milimetroraino. Kanika bat hemendik 20 kilometrora dagoen zulo batera sartzea bezalakoa da zehaztapen maila. Oso konplexua da, abiadura, jarraitzeko kurbak... neurtzen dira. Espazioan lau kurba mota daude: zirkularra, parabola... Duela gutxi Plutonera espazio-ontzi bat bidali zuten, uztailean iritsi zen. Horretarako Jupiterrera bidali zuten ontzia lehendabizi, lurretik gertu pasatzen zenez ontziari abiadura eman eta Plutonera azkarrago ailegatzeko, inpultsoa emateko.

Nolakoa da zure eguneroko lana?

Orain nahiko lasaia, planetetako errobotekin nabil, hori da nire master amaierako lana. Espazioan errobota puntu batetik bestera bera bakarrik joateko teknologia garatzen ari naiz, oztopoak saihestuz eta uneoro non eta nola dagoen jakinez. Proiektu hau errealitate bilakatzeko aukera dugulakoan nago.

 

"EOS Space taldearen parte naiz, eta Europako Agentzian aurkeztu dugu egitasmoa, Suedian eta Holandan"

 

Horrez gain, beste proiektu batzuekin ere bagabiltza. Irailean Poloniara joango gara errobotarekin, lehiaketa batera. Horrelako lehiaketetara ez gara asko aurkezten, baina 12 lanetik 6 aukeratu zituzten eta gurea horien artean dago. Europako Agentziarekin Holandan aurkeztuko dugu izpi kosmikoen detekzio proiektua, abenduan. Globo batean jaurtitzea da azken helburua, eta 6 proiektu gaude fase honetan. Oso zehatza da hori ere, adierazleetatik eta mugetatik pixka bat pasatzen bazara kanpoan geratzen baitzara. Gureak, esaterako, alkohola du, eta lurreratzean (bueltan) txisparik ez sortzeko zigilatze bat exijitu digute alkoholik aterako ez dela bermatzeko.

 

"Fase hau gainditzen badugu uztailean Europako Agentziako kide batzuk etorriko dira gure lana gertutik ezagutzera: inplikazioa, proiektua... Gauzak ondo bidean urrian jaurtiko da Suedian"

 

Aurrera begira zein da zure asmoa?

Honetan jarraitzea. Astronauta probetara aurkeztuko naiz 30 urte inguru ditudanean, hori baita sasoirik onena. Bien bitartean ikerkuntzan jarraitzeko asmoa dut, misioak prestatzen dituzten enpresetan ere lan egin dezaket. Gure lan bakoitza garatzeko 10 urte inguru behar dira, eta espaziora jaurtitzerako akaso 30 urte pasako dira. Hortaz, hiru zereginekin badugu puska baterako lana!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide