“Emakumezkoen kezka, balore eta aldarrikapenak aintzat hartzen dituen kirola da roller derbya”

Aitor Aspuru Saez 2016ko api. 6a, 21:23

IRUNE TELLEZ ROBLES (Urduña, 1988) “Botxo Killers” taldean dabil roller derbya praktikatzen. “Acid queen” ezizenarekin jokatzen ditu partidak Tellezek.

Zer da roller derbya?

IRUNE TELLEZ ROBLES (Urduña, 1988) “Botxo Killers” taldean dabil roller derbya praktikatzen. “Acid queen” ezizenarekin jokatzen ditu partidak Tellezek.

Zer da roller derbya?

Roller derbya patinez jokatzen den estrategia eta kontaktuzko kirol bat da. Gaur egun dauden lehiaketa eta ligetan emakumezkoak dira nagusi.

Bere horretan, jokoa pista eliptiko batean jokatzen da. 30 minutuko 2 zati daude eta bakoitza 2 minutu iraun dezaketen Jam izeneko jokaldietan zatitzen da. Jam bakoitzean, talde bakoitzeko 4 Blocker (blokeatzaile) eta Jammer bana ateratzen dira. Jammerrak blockerrak pasatzen saiatu behar dira, eta horrela beste taldeak blocker bakoitzeko puntu bana irabazten du.

Nire ustez kirol bat baino gehiago da Roller Derbia. Azken finean, fisikoki ez ezik, bizitzako hainbat esparrutan aldatzen baitzaitu. Botxo Killers taldea autogestioan oinarrituz antolatzen da. Komiteen bitartez funtzionatzen du: entrenamenduak diseinatu, partiduetarako pista lortu, epaileekin kontaktuan jarri, kontzertuak antolatu eta merchandising-a saldu egiten dugu, taldearen bizi iraupena bermatzeko.


Botxo killers taldean zabiltza. Nola animatu zinen taldean izena ematen?

Orain dela urte batzuk ezagutu nuen pelikula bati esker izan zen dena: “Whip it”. Gaur egun, roller derbya nola jokatzen den jakinda, pelikula pixka bat neurriz kanpokoa dela esango nuke. Dena den, kirol oso interesgarria iruditu zitzaidan eta internetetik informazioa topatzen eta Aiaraldetik hurbilen zegoen taldea bilatzen hasi nintzen. Hasiera batean, baina, ez nuen talderik aurkitu.  Geroago ama izan nintzen eta bilaketari uko egin nion pasaden udara arte. Lagun baten bitartez enteratu nintzen Bilbon talde bat zegoela eta haien partidu batera joan nintzen ikustera. Izugarria iruditu zitzaidan. Giro ezin hobea zegoen taldekide eta aukako jokalarien artean.

Beraz, Botxo Killers taldekideekin kontaktuan jarri nintzen , patin batzuk lortu eta haiekin entrenatzen hasi nintzen zerotik hasita.

Kutsu feminista handia daukan kirola da, ezta?

Munduan emakumezkoen taldeak dira nabarmen eta berez emakumezkoen inguruko kezkak, baloreak eta aldarrikapenak aintzat hartzen dira. Beste kiroletan ez bezala, kirol honetan emakumezkoak jendartean eta espresuki kirolean betetzen dituen rol eta kanon estetikoetan eragiten du. Nola? Adibidea emanez eta balorean jartzen emakumezkoen gaitasunak, adin eta izaera fisiko aniztasunetik abiatuta.


Hainbat erritual dituen kirola da gainera.

"Beste joko amerikar askok bezala, espektakulu pixka bat dauka"

Partida hasi baino lehen pistan bueltaka hasten dira taldeko partaideak, taldeko pertsonak aurkezteko. Talde bakoitzak hautatutako abestia entzuten da orduan, partaide bakoitzaren derby izena eta zenbakia aipatzen diren bitartean, benetan dibertigarria da.

Bestalde, hirugarren denbora jokatzen dugu: epaile, laguntzaile, taldekide eta aurkariekin egiten den festa! Bertan hobeto ezagutzen gara elkarren artean eta partida nolakoa izan den komentatzen dugu patxadaz.


Duela gutxi zure lehenengo partida ofiziala jokatu zenuen. Zer moduz?

Pixka bat urduri, lehenengoa izan zelako eta hilabete bat baino ez naramalako ligarekin entrenatzen. Primeran pasatu genuen. Salamancan jokatu genuen Kinkicharren aurka. Esperientzia oso positiboa izan zen.


Nola zaudete partida bukatzen duzuenean? Asko entrenatzen duzue?

Kantsatuta baina pozez beteta gaude bukatzean, hirugarren denboran primeran pasatzeko gogoarekin.

"Botxo Killers-ak Artxandako pistan entrenatzen dugu, Bilbon, astearte eta ostegunetan 20:30tik 22:30ra bitartean"

Igandeetan Zorrotzako kiroldegira ere joaten gara, horretarako aukera badago.

 

Zure lehenengo partidan jende asko zegoen harmailetan. Kirol honen jarraitzaile asko dago Euskal Herrian? Zenbat talde dago Euskal Herrian?

"Roller derbyak  hiru urte baino ez daramatza Euskal Herrian, baina gutxika-gutxika jarraitzaile eta jokalari gehiago gehitzen ari dira"

Benetan pozten nau horrek, lehenengo partida ikustera datozen pertsonek normalean ez dakite zer espero.  Baina erraz gatibatu egiten duen kirola da eta geroz eta jarraitzaile gehiago ditugu.


Nolakoa da giroa taldekideen, jokalarien eta epaileen artean?

Taldearen harrera ezin hobea izan zen lehenengo momentutik, haiei esker patinatzen ikasi nuen. Beti laguntzeko prest daude, fisikoki, oinarrizko derby gaitasunak lortzeko eta baita emakume gisa. Bakoitzaren burujabetza eta talde estrategien barne lidergoa hartzen ikasten dugu elkarrekin. Indartsuak eta zoragarriak dira nire taldekideak. Denbora asko pasatzen dugu elkar, bai pista barruan eta kanpoan. Horrek harreman estuak sortzen ditu eta taldea sendotu egiten du horrek.


"Beste taldeekin giro ona dago orokorrean. Gure artean gogor jokatzen dugu gure artean, baina partida bukatu eta pistan gertatutakoak pistan geratzen dira"

Epaileak gutako beste bat dira, beraiek gabe ezin izango genuke jokatu. Taldekoak dira beraz!


Nondik dator taldekide bakoitzak ezizen bat izatearen ohitura? “Acid Queen” eta Iruneren artean ezberdintasun handia dago?

Ez dakit zehatz mehats, baina bakoitzak gudari izen eta zenbakia aukeratzen du. Nirea Tina Turnerren abesti baten izenburua da, emakume hori indartsu eta borrokalaria iruditu zitzaidalako. Irune ama, etxeko andre eta pertsona lasaia da, baina “Acid Queen” bezala jokatzen duenean, hori guzti hori albo batera uzten du, eta badaki gogor jokatzen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide