Urdufolk-ek eta euskal abesti herrikoiek koroatuko dute festa

Erredakzioa 2015ko ira. 3a, 10:00

Festa gehienen kasuan zaila izan ohi da zehaztea noiz sortu ziren, are gehiago “betidanik” ospatzen diren horietakoak badira. Baina Koroatze Jaien kasuan datu hori zehatz-mehatz esan daiteke.

“1945eko irailaren 2an ospatu ziren lehenbizikoz”, zehaztu du Urduñako Udaleko kultur zinegotzia den Eriz Perezek, “ospakizun guztiz erlijiosoa zen, eta ekitaldi sinboliko bat egiten zen zeinetan hiriko patroia koroatzen zen”.

Festa gehienen kasuan zaila izan ohi da zehaztea noiz sortu ziren, are gehiago “betidanik” ospatzen diren horietakoak badira. Baina Koroatze Jaien kasuan datu hori zehatz-mehatz esan daiteke.

“1945eko irailaren 2an ospatu ziren lehenbizikoz”, zehaztu du Urduñako Udaleko kultur zinegotzia den Eriz Perezek, “ospakizun guztiz erlijiosoa zen, eta ekitaldi sinboliko bat egiten zen zeinetan hiriko patroia koroatzen zen”.

Urteak aurrera joan ahala, baina, ekitaldi gehiago batu ziren festara: berbena, marmitako lehiaketa... “Gaur egun Urduñako bigarren festak direla esan daiteke, Otxomaioen atzetik”, Perezek adierazi duenez. Egitarauko ekimen gehienak Udalak antolatzen dituela azaldu du kultur zinegotziak, baina gaineratu du jaia aurrera eramateko lan-taldeak osatzen dituztela. “Buruhandi eta erraldoien topaketa adibidez, Bihotza Konpartsak antolatzen du”.

Urdufolk jaialdia, hirugarrenez
Baina azken urteetan batu den ekitaldirik deigarriena Urdufolk jaialdia da. Aurten folk jaialdi horren hirugarren edizioa izango da. “Duela hiru urte herritar talde batek martxan jarritako ekimena da”, azaldu du Perezek, “lehen edizioak oso harrera ona izan zuen jendearen partetik, eta Koroatze Jaiak berpizteko balio izan zuen”.

Bi atal ditu jaialdiak. Alde batetik, folk-taldeen kontzertuak daude. Aurten larunbatean eta igandean izango dira. Lehen egunean bi taldek joko dute: Gabacho Maroconnection (hainbat herrialdetako musikariez osatutako taldea) eta Alboka 2.1. Azken hori Ibon Koteron, eta Xabi Valle eta Ruben Isasi aiaraldearrek osatutako taldea da eta, izenak adierazten duen bezala, alboka du ardatz.

Jaialdiaren bigarren atala lehiaketarena izango da. Aurten lehiaketara aurkezten diren folk talde guztietatik hiru talde aukeratuko ditu epaimahaiak. Hiru talde horiek ostiralean eskainiko dute kontzertua, eta horren ostean erabakiko dute epaileek nor izango den irabazlea.

Euskal Abesti Herrikoien topaketa
Urdufolk ez da izango musikarekin erlazionatutako ekintza bakarra Koroatze Jaietan. Igandean Euskal Abesti Herrikoiaren II. edizioa izango da, eta Euskal Herriko hainbat kantu-taldek hartuko dute parte, Laudioko Arloteak eta Urduñako Oilarrak besteak beste.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide