“Aurtengoa da Urdufolk-en orain arteko urterik onena, taldeen kopuru eta kalitateari dagokionez”

Txabi Alvarado Bañares 2015ko ira. 3a, 12:22

JOSEBA URRUELA (Urduña, 1987) asteburu honetan ospatuko den Urdufolk jaialdiaren antolatzaileetako bat da. Jaialdiak izan duen bilakaeraren inguruan mintzatu da.

Duela hiru urte egin zen Urdufolk jaia lehenbizikoz. Zer nolako bilakaera bizi izan du?

JOSEBA URRUELA (Urduña, 1987) asteburu honetan ospatuko den Urdufolk jaialdiaren antolatzaileetako bat da. Jaialdiak izan duen bilakaeraren inguruan mintzatu da.

Duela hiru urte egin zen Urdufolk jaia lehenbizikoz. Zer nolako bilakaera bizi izan du?

Jaialdia egitearen ideia Otxomaioetako jaien ostean hasi zen garatzen, duela hiru urte. Otxomaioen edizio hura izan zen lehenbizikoa zeinetan Jai Batzorde erreal bat egon zen; eta bazegoen gauzak ondo egiteko aukera, jendearen gogoak baliatuta. Hasiera batean niri bururatutako ideiatxo bat izan zela esan daiteke, baina beste urduñar batzuekin bildu ginen egitasmoa aurrera nola eraman ikusteko, Koroatze Jaiei bultzada bat emateari begira. Jai horiek apur bat ahul ari ziren geratzen, Artziniegakoekin eta Orozkokoekin kointziditzen dutelako.

Folk jaialdi bat egitea egokia zela pentsatu genuen, musika mota hori adin guztientzakoa delako eta munduko musika eta ohiturak ezagutzera emateko aukera ematen dizulako.

Aurretik ez genuen inoiz halakorik egin, baina lehenengo edizioa primeran atera zen. Horregatik jarraitzea adostu genuen. Udalak ere gugan konfiantza jarri zuen bigarren edizioa antolatzeari begira. Iazko edizioa ere ondo egon zen, baina guretzat aurtengoa izan da urterik onena. Taldeen lehiaketan bederatzi talde aurkeztu dira, bereziki oso onak guztiak. Zaila izan da epaimahaiarentzat finalera joango diren hiru taldeak aukeratzea.

Zaila izan da epaimahaiarentzat finalera joango diren hiru taldeak aukeratzea”

Larunbateko kontzertuei begira, berriz, euskal ohiturekin erlazionatutako musika ekarri nahi genuen, eta Ibon Koteronekin hitz egin dugu berak eta beste kide batzuek esku artean duten proiektu berria aurkeztu dezaten: Alboka 2.1. Albokan oinarritutako musika da, baina abesti tradizionalak teknologia berri eta base programatuekin nahasten dituzte.

Kontzertu handi moduan, eta asko negoziatu ondoren, lortu egin dugu Gabacho Maroconnection ekartzea. Frantzia, Maroko eta Espainiako musikari onez osatutako taldea da. Hainbat sari irabazi dituzte nazioarteko zenbait folk zein jazz jaialdietan. Apustu ezberdina da, bereber musika jazz eta flamenko doinuekin nahasten baitituzte.

Eta lehiaketan zer nolako doinuak antzun ahal izango dira?

Estatu mailatik bederatzi talde aurkeztu dira, Katalunia eta Balentzia aldekoak gehienbat. Baina Madriletik, Galiziatik edota Euskal Herritik ere aurkeztu dira batzuk. Oso-oso maila altua izan da aurtengoa, eta azkenean epaimahaiak hiru talde aukeratu ditu. Alde batetik, Klof taldea dago, Lizarratik datorrena. Musika tradizionala zeltarekin nahastua aurkezten dute, boskote formatuan. Musika irakasleak dira taldekide gehienak, eta nahiko musika polita egiten dute... eta euskaldunak dira, gainera.

Bestetik, Angela Furquet dago. Bartzelonako abeslari oso on bat da bera. Kantautore munduan ibilitakoa da, baina orain mediterranear musika Herrialde Katalanetako musika tradizionalarekin nahasten du, oso interesgarria.

Hirugarren taldea Lochlainn izango da, Balentziatik etorriko dena. Folk eta zelta musikak nahasten ditu, mediterraneo ukitu batekin.

Epaimahaiak nahi izan du hiru talde ezberdin egotea. Aurten oso maila altua egon denez antzeko taldeak izatea ekiditen saiatu gara. Hiru proposamen ezberdin izatea ere interesgarria da guretzat.

Asteburu honetan Euskal Herrian egongo den folk jaialdirik txikiena izango da gurea, baina aurten oso kartel indartsua osatu dugula uste dugu, eta harro gaude”

Lehia gogorra, beraz.

Bai, bai. Lehia gogorra izango dela uste dugu. Epaimahaiarentzat lana zaila izan arren ikusten dugu urteak pasa hala taldeen kopurua eta kalitatea igo egin dela. Horrek jaialdiari begira onurak ekarri ditu. Egunkari eta aldizkari espezializatuetan hasi da Urdufolk-en berri ematen. Eremu horretan sartzea lortu dugu, nahiz eta Getxofolk jaialdiarekin kointziditu. Asteburu honetan Euskal Herrian egongo den folk jaialdirik txikiena izango da gurea, baina aurten oso kartel indartsua osatu dugula uste dugu, eta harro gaude.

Herritarrek ere hala ikusten dute?

Lehen urtean apur bat kezkatuta geunden, ez genekielako herriak nola erantzungo zuen. Baina erantzuna izugarria izan zen. Jende pila egon zen, baita alboko herrietako jendea ere. Aurten imajinatzen dut iaz etorri zen jendea berriz gerturatuko dela.

Gelditzeko asmorik ez duzue izango, beraz.

Ez, ez. Aurtengoa bukatutakoan balorazioa egingo dugu eta pixkanaka hasiko gara datorren urtekoa prestatzen. Taldeen kontratazioa lotzen hasiko gara, disko berria nork atera duen ikusiaz eta ekartzeko interesgarria zein izan daitekeen pentsatuaz, bai Euskal Herritik edota nazioartetik.

Jaialdiaren aurkezpen gisa, Iñaki Plaza musikariak kontzertu akustikoa eskainiko du gaur (irailak 3, osteguna) Sutegi tabernan, 20:00etan. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide