“Ugaritu egin da Orruñoko jaietan parte hartzen duen jendea”

Txabi Alvarado Bañares 2015ko abu. 6a, 09:57

CARMEN BIGURI (Urduña, 1929) urte asko daramatza Orruño kaleko jaiak antolatzen. Festa horren nondik norakoez eta izan duten bilakaeraz mintzatu da.

Egitarauari erreparatuta, oso festa tradizionalak dirudite Orruñokoak.

CARMEN BIGURI (Urduña, 1929) urte asko daramatza Orruño kaleko jaiak antolatzen. Festa horren nondik norakoez eta izan duten bilakaeraz mintzatu da.

Egitarauari erreparatuta, oso festa tradizionalak dirudite Orruñokoak.

Hala da bai, oso festa tradizionalak dira. Ez da ezer berezirik egiten. Kalejira batekin hasten da goiza, Urduñako txistulariekin. Jendea esnatzea eta kaleko festak hasi direla jakinaraztea da helburua. Gero meza egongo da, 12:30etan. Normalean hamabietan izan ohi da, baina aurten igandean izango denez ordu erdi atzeratzeko eskatu digu apaizak. Zedelika auzoan badago baseliza bat, San Roman. Baseliza hori gure kalearena da, eta horregatik ospatzen dugu festa abuztuaren 9an, San Roman delako.

Meza bertan egiten dugu, eta bertan prestatzen ditugu festarako bestelako kontuak. Udalari 100 aulki inguru igotzeko eskatzen diogu, jende asko igotzen baita mezara. Iaz kopuru hori motz geratu zen, ermita barruan dauden banku zahar batzuk atera behar izan genituen aulkirik gabe geratu zirenentzat.

Kalean egiten da meza, baseliza txikia delako eta ez duela ezta argindarrik ere. Kandela batzuk jartzen ditugu eraikin barruan. Meza ostean luntx bat egiten da: txorizoa sagardo erara, tortilak... eskaintzen dira.

“Udalari 100 aulki inguru igotzeko eskatzen diogu, jende asko igotzen baita mezara”

Arratsaldean ere bestelako ekintzak egiten dituzue.

Goizekoa bukatzea bakoitza bere etxera jaisten da bazkaltzera. Eta gero guk txokolatada prestatzen dugu, nire etxe azpian dagoen txoko batean. Txokolatada handia da. Lehen txokolate gutxi egiten genuen, kaleko umeentzat bakarrik. Baina Urduñako aterpera Donostiako gazte batzuk etortzen hasi ziren, abuztua partean. Txokolatea hartzera etortzen hasi ziren eta adiskidetasun handia garatu genuen eurekin. Oso ondo pasatzen genuen elkarrekin.

Baina duela bi urtetik hona aterpea itxita dago abuztuan, eta horregatik ia ez datoz. Eta pena handia ematen digu, eta eurei ere. Orain txokolatea prestatu eta plazako arkupeetan banatzen dugu, nahi duen ororen artean.

Gau partean, bederatzietatik hamabietara, dantzaldia egiten dugu plazan, kioskoaren inguruan.

Horren festa tradizionalak izanda, aldaketarik bizi izan dute?

Aldaketa zehatzik ez. Lehen modu xumeagoan egiten ziren, jende gutxirekin. Txokolate gutxiago egiten zen eta mezara igotzen zen jendea, baina ez horrenbeste. Orain ez dakit zergatik baina jendea askoz gehiago gerturatzen da. Taxiak eta guzti antolatzen ditugu, autoa ez daukaten pertsona nagusiak igo daitezen. Lehen oinez igotzen ginen, Delika aldera igotzeko ez baitzegoen errepiderik ere ez.

“Lehen modu xumeagoan egiten ziren, jende gutxirekin”

Bitxia da jende gehiago igotzea orain, auzo askotako jaiek beherakada nabarmena izan duten bitartean. Zergatik izan daiteke?

Ez dakit. Mezara adibidez jende asko igotzen da, mezara joateko ohitura duen jendea geroz eta gutxiago izan arren. Lehen mostoa eta galletak banatzen genituen bertaratzen ziren umeen artean. Hori gaur egun ere egiten dugu.

Lehen hiriko auzo guztietan egiten ziren festak, baina orain ia ez. Antolatzeri utzi zitzaion, ez dakit zergatik. Orruño, Kalebarria kaletakoak eta La Antigua auzokoak dira mantendu diren bakarrak.

“Lehen hiriko auzo guztietan egiten ziren festak, baina orain ia ez”

Noren artean antolatzen dituzue festak?

Kaleko bizilagun batzuen artean. Ni heldua naiz jada, 86 urte beteko ditut abuztuan. Baina oraindik baditut indarrak antolakuntzan laguntzen jarraitzeko. Zortzi egun lehenago igo ohi gara baselizara, inguru guztia garbitzeko, urtean behin baino ez baita bertan zer edo zer egiten.

“Antolakuntzan beti aritu izan gara pertsona berdinak, baina nahi duen orori zabalduak gaude”

Lehen zozketa bat egiten genuen jaiak finantzatzeko, baina antolakuntza falta dela eta egiteari utzi zitzaion. Orain Udalak diru-laguntza txiki bat ematen digu.

Belaunaldi aldaketa dago antolakuntzan?

Antolakuntzan beti aritu izan gara pertsona berdinak, baina nahi duen orori zabalduak gaude. Parte hartu nahi duen orok parte hartzen du.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide