“Aterpean daramadan hilabetean zehar ez dut telebistaren faltarik sumatu”

Erredakzioa 2015ko urt. 13a, 10:19

YOLANDA MARTIN SONDESA (Urduña, 1964) Gorbeiako aterpea kudeatzen hasi da, senarrarekin eta semearekin batera. Aterpean daramaten lehenbiziko hilabetearen inguruan mintzatu gara berarekin. 

Urtea hastearekin batera joan zarete Gorbeiara. Nolakoa da lehenengo sentsazioa?

Ona. Hilabete bat baino ez daramagu, abenduaren 6-7an hasi ginen. Baina printzipioz sentsazioak oso onak dira eta oso gustura gaude, egia esan.

YOLANDA MARTIN SONDESA (Urduña, 1964) Gorbeiako aterpea kudeatzen hasi da, senarrarekin eta semearekin batera. Aterpean daramaten lehenbiziko hilabetearen inguruan mintzatu gara berarekin. 

Urtea hastearekin batera joan zarete Gorbeiara. Nolakoa da lehenengo sentsazioa?

Ona. Hilabete bat baino ez daramagu, abenduaren 6-7an hasi ginen. Baina printzipioz sentsazioak oso onak dira eta oso gustura gaude, egia esan.

Gorbeian bizitzean, baina, hirian egon daitezkeen erosotasunetako askori uko egin behar izan diezue...

Hona ez da Iberdrolaren argindarra iristen, hasteko. Argindar kableak ez dira honaino heltzen eta orduan beste energia alternatiba batzuk bilatu behar dira. Eguzki plaka bat eta gasolinarekin funtzionatzen duen generadore bat dauzkagu. Horrekin lortzen dugu guztiz beharrezkoa den argindarra. Gauzak hala, ez dugu telebistarik, eta sukaldean hozkailu txikitxo bat baino ez daukagu.

"Argindar kableak ez dira honaino heltzen eta orduan beste energia alternatiba batzuk bilatu behar dira"

Posiblea da, beraz, telebistarik eta antzeko tramankulurik gabe bizitzea?

Aterpean daramadan hilabetean behintzat ez dut telebista faltan bota. Generadorea jarrita ere ez dago estaldurarik eta, beraz, ez dago internet edo antzekorik. Baina ordenagailu bat izan dezakezu... eta arazorik gabe konpondu zaitezke, bai.

Nola hartu zenuten Gorbeiako aterpea hartzearen erabakia?

Esan ziguten Jabi (orain arte egondako aterpearen zaintzailea) jubilatu egiten zela. 23 urte zeramatzan aterpea kudeatzen. Federatuei eta mendi-taldeei begira deialdia atera zuen orduan Mendizale Federazioak, bere web orrian. Joseba (senarra) eta biok ez genuen asko pentsatu behar izan, nahiko argi izan genuen hasiera batetik gurekin bat zetorrela aterpea hartzearen proiektua eta buruz egin genuen salto.

Zuetaz gain beste hainbatek ere eman zuten izena.

Bai. Deialdiak arrakasta handia izan zuen, 80 bat pertsona aurkeztu ziren. Horien artean federazioak aurre-sailkapen bat egin zuen eta hamabi inguru geratu ginen. Orduan batzar batera deitu gintuzten guztioi, lana zertan zetzan azaltzeko. Elkarrizketa pertsonalak egin zizkiguten eta azkenean gure aukera izan zen baloratuena.

"Ideia berri batzuk plazaratu genituen deialdian; sukaldean Gorbeia inguruko produktuak erabiltzea, esaterako"

Zuen ustez, zein da zuek hautatzearen arrazoi nagusia?

Jakin ez dakigu. Bazeuden bete beharreko bi irizpide, hautagai guztiek betetzen genituenak. Eta gero hainbat gauza baloratzen ziren: mendian izandako esperientzia, mendiaren inguruko formazioa, ostalaritzan izandako esperientzia... gu bikote moduan aurkeztu ginen eta hori ere baloratu zuten (nahiz eta bikote moduan aurkeztu ginen bakarrak izan ez ginen). Hortaz gain, ideia berri batzuk plazaratu genituen; Sukaldean Gorbeia inguruko produktuak erabiltzea, esaterako.

Zer topatu ahal izango du aterpera gerturatzen denak?

24 litera dauzka aterpeak, bi geletan banatuta, eta kantina zerbitzu bat ere badauka. Gauzak hala, lo egiteko lekuaz gain afaria eta gosaria ere eskaintzen ditugu, “pentsio erdia” deitzen dena. Hortaz gain, Gorbeiara hurbiltzen den jendearentzat kafesnea, salda beroa, sopa, plater konbinatuak... eskaintzen ditugu, hamaiketako moduan. Beheko sua ere eskaintzen dugu, deskantsu apur bat egin ahal izateko. Kanpoan ere oso ondo egoteko aukera dago, eguraldi ona egiten duenean.

Zer nolako harrera ari da izaten aterpea?

Ez dakigu oso ondo gu etorri baino lehen zelan joan den, baina orain artekoa ikusita pozik gaude. Jendea gerturatu egiten da. Jende askorentzat sorpresa izan da, ez zekielako aldaketa egon dela. Guk ere gure eskaintza zabaldu beharko dugu, baina uste dut orokorrean oso harrera ona izaten ari dela.

Semea ere zuekin igo da Urduñatik aterpera bizitzera. Aldaketa handia?

Aldaketa familia osoarentzat izan da. Hiru gara familian, 14 urteko mutiko bat daukagu, eta bai, familiaren bizitza guztiz aldatu da. Eta hirurok moldatu behar dugu. Gabonetan, urtarrilaren 12ra arte, aterpean jarraikortasunez egon gara, baina gero asteburutan soilik egongo gara. Maiatzetik urrira, berriz, egunero egongo gara. Semearekin gora eta behera ibiliko gara, bestelako behar batzuk dituelako: eskola, lagunak... Pixkanaka-pixkanaka moldatuko gara. Bera pozik dago, mendizalea da, beti egon da menditik gurekin eta proiektua oso ondo onartu du.

"Aldaketa familia osoarentzat izan da, bizitza guztiz aldatu zaigu"

Bizitza aldaketa horretan, zer gabezi sumatu dituzue? Eta zer bertute?

Momentu honetan lanpetuak gaude: gauza guztiak dira berriak, negozia ere berria da... dena da berria guretzat. Horregatik gure burua kokatzen gabiltza oraindik. Aldaketa oso ondo hartzen ari gara, momentuz. Ez dakit aurrerago nola joango den. Etapa berri bat da gure bizitzan eta gogo handiz eta ilusio handiz aurre egiteko prest gabiltza.

Apustu handia da egin duzuena, bizitzan ematen diren baldintzek eragina izan dute horretan?

Bai. Ni lanean egon nahiz 18 urtez jarraian, beste alor batean, honekin zerikusirik ez duena. Langabezian geratu nintzen duela urtebete. 50 urte ditut, eta gauzak ez daude ondo inorentzat, ezta gure adinekoentzat ere. Nire egoerak erraztu du erabakiak. Hori izan da abiapuntua, baina ez arrazoi bakarra. Momentu honetan erabaki dugu proiektu honetan urte batzuetarako sartzea, ikusiko dugu noraino ematen duen. Gure asmoa da hemen luzerako egotea, lanean eta lasai. Ikusiko dugu.

"Gure asmoa da hemen luzerako egotea, lanean eta lasai"

Noizbait pentsatu zenuten Gorbeiako Aterpea eramango zenutela?

Ba ez. Gazte-gaztetatik aritu izan gara mendian (Pirinioetan, hemen inguruan...) eta noizbait bai pasatu zaigula aterpe bat ematearen ideia. Baina bizitza aurrera doa, beste ideia batzuk ateratzen dira eta, orain arte, aterpearena ez da gauzatu. Gorbeiako Aterpearen ideia atera arte ez zitzaigun burutik ere pasa. Baina orduan aspaldi izandako ideia horiek gauzatzeko aukera topatzen dute.

Mendizaleak izanda, nola ikusten duzue mendizaletasunaren beste aldeko (aterpeko) bizitza?

Ez dauka zer ikusirik. Jendea menditik datorrela ikusten duzu, eta zu, berriz, lanean zaudela. Ikuspuntua guztiz ezberdina da. Aterpe askotan ibili gara eta beti ikusi dugu aterpea kanpotik, ez barrutik. Baina lan polita dela deritzot. Jende asko ezagutzeko parada duzu, jende askorekin hitz egiteko, batzuekin sakondu, beste batzuekin ez (normala den bezala). Baina, lan guztietan bezala, neurriak topatu behar dira zure intimitatea eta zure nahiak ere bete ahal izateko. Orain ez da momentua, hasi berri baikara. Baina iritsiko da unea zeinetan mendizaletasunaren bi aldeetan egongo garen. Hori da gure asmoa.

Hainbeste mendiz eta mendizalez inguratuta... nazkatzeko arriskurik ez?

Ez dut uste, hori seguru eztez! (Barreak). Hori ez da gertatuko!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide