"Senarra ikustea eta amatasuna ukatzen didate"

Erredakzioa 2014ko aza. 23a, 08:40

EIDER URUBURU (Bilbo, 1978) Aletxu Zobaran euskal preso politikoaren emaztea da. Nahiz eta estatuak lurralde frantziarrean egotea debekatu, pasa den astean Parisera joan zen bere senarra ikustera, Aletxu epaituko zutela aprobetxatuz. Ikustea lortu bazuen ere, hurrengo egunean poliziak Eider atxilotu zuen eta atzo 8 hilabeteko kartzela zigorra ezarri zion epaile batek. Kartzelan dago orain. Epaiketa baino lehen Aiaraldea.com-ek elkarrizketa egin zion.

 

EIDER URUBURU (Bilbo, 1978) Aletxu Zobaran euskal preso politikoaren emaztea da. Nahiz eta estatuak lurralde frantziarrean egotea debekatu, pasa den astean Parisera joan zen bere senarra ikustera, Aletxu epaituko zutela aprobetxatuz. Ikustea lortu bazuen ere, hurrengo egunean poliziak Eider atxilotu zuen eta atzo 8 hilabeteko kartzela zigorra ezarri zion epaile batek. Kartzelan dago orain. Epaiketa baino lehen Aiaraldea.com-ek elkarrizketa egin zion.

 

Lyon-eko espetxean dago Aletxu, hau da, 980 kilometrora. Zer suposatzen du horrek senide eta lagunentzat?

Hasteko dirutza ikaragarria gastatzea suposatzen du. Bidaia bakoitzak 300 euro baino gehiago suposatzen du, zer nolako garraio modu erabiltzen duzun arabera: Mirentxin-eko furgoneta, autoa, hegazkina...

Lyon ez dago bat ere ondo komunikaturik eta batzuetan hegaldiak oso garestiak dira, trenez ere oso urriak dira zuzenean heltzen direnak -askotan Parisera jo behar duzu edo Marsellatik itzuli... odisea izan daiteke-.

Dirutzaz gain, ahalegin fisiko handia da, autoz eginez gero istripua izateko aukera handiak dira, stressa...

Preso prebentibo gisa -hau da, epaitu gabe- astean hirutan egin daitezke bisitak baina hain urruti egonda edo bertan lo egiten duzu -eta ondorioz diru gehiago behar duzu- edo bertan bizi den jendea egin ditzake aste berean hiru pertsona ezberdin ikusi. Hori dela eta normalean presoek bisita bakarra duten astero.

Zu ere Lyonen espetxeratua egon zara, nolakoak dira bizi baldintzak?

Borroka ugari egin genituen eta mitard-ean -hau da, isolamenduan- zenbait aldiz egon ginen. Une hauetan Aletxuk hilabete baino gehiago darama mitard-ean.

Baina orokorrean espetxean dauden baldintzei dagokionez, presoak bi orduz egon daitezke egunero patioan.

Zenbait kartzelatan apur bat gehiago da baina legez zuzendaritzak errespetatu behar du presoek bi orduz patiora ateratzea.

Nahi izanez gero presoa ziegan gera daiteke. Estatu Espainiarrean derrigorrezkoa da ateratzea baldin eta baimen berezirik ez badago.

Preso politikook egunero gutxienez 22 ordu ziegan eman ez ezik, bakarrik ematen ditugu, debekatua baitago preso politikoek kideak izatea. Preso arruntek ez dute debeku hori.

Egoera normalean beraz patioan bakarrik elkartzen dira euskal presoak bere kideekin.

Bestela frantziar klaseak jasotzerakoan. Baina irakasten diren mailak oso apalak dira eta presoek maila hobeagoak dituzte orokorrean.

Ikastaro gehiago daude baina ez da batere erreza.

Kirola egiteko aukera ere badago astean hirutan baina zerrenda bitartez egiten da eta zaila ere bada. Batzuetan arazoak egon dira horrekin, adarra jotzen saiatzen baita zuzendaritza.

Guk adibidez egin genuen lehenengo borrokaldia izan zen Aletxu baztertzen saiatu zirelako. Kontua da ziegak ilaran daudela. Alde batean zein bestean. Hori dela eta ziega bat bestetik ez badago oso urrun, korridore berean komunikatu zaitezke, baina korridorearen beste aldean jarriz gero erabat isolatuta gera zaitezke.

Eta hori Aletxurekin egiteko saiakera egin zuten, baina mitard-ean sartu gintuzten guztiok behintzat oinarrizko eskubideak bermatzeko: kideak elkarrekin egoteko eskubidea, alde berean egotekoa, bisitak bikoitzak izateko -400 kilometrotatik baino urrunago etorriz gero senide eta lagunek bisitak bikoitzak izan beharko lirateke, baina espetxeak ez daude prestatuta hainbeste jende jasotzeko, preso arruntek hilean behin egiten dute bisita bikoitza eta guk eskuratu genuen astero hiru egiteko eskubidea-, preso zegoen bikote batek bere semea egoera duinean ikusteko zuzendaritzaren baimena erdietsi genuen...

Borrokaren bitartez lortu genuen gure eskubideak bermatzea. Ez genuen ezer berezirik lortu, soilik legez zegokiguna.

Espetxean ezkondu zineten, zergatik?

Aletxu eta biok ez dugu inoiz buruan izan ezkontzeko asmorik inorekin.

Harremanak ez ditugu horrela ulertzen, bakoitzak bere harremana nahi duen moduan eraiki dezake. Eta berez ez ginen bikotea, elkar gustuko genuen eta espetxe berean giltzaperatu gintuztenean saiatu ginen bisitak lortzen.

Eta horretarako jartzen duten baldintza da ezkonduta egotea. Orduan pentsatu genuen ezkontzea, gurasoak elkar ezagutzea... bi pertsona bakarrik etor daitezke ezkongai bakoitzeko.

Bisitak lortzeko eta elkar ikusteko ahalik eta lasterren ezkondu ginen. Hala ere ezkontza urtebete atzeratu ziguten. Denbora hori guztia ikusi gabe eta gutunez eman genuen.

Baina gutun guztiak epailearen eskuetatik igarotzen dira eta aztertzen dituzte, baino prebentiboen kasuan gutunak epaiketaren instrukzioan sar ditzakete.

Horrek esan nahi du epaileari bidaltzen dietela, berak irakurtzen duela eta asko atzeratzen dela: gutxienez bi aste eta gehienez hilabete baino gehiago. Hori galtzen ez badira.

Beraz, zuk gutuna igorri eta gero hiru edo lau astetara jasotzen zuen besteak... Idazten genion elkar baina ez zegoen benetako komunikazioa, bakoitzak gertatutakoa kontatzen zuen. Oso latza, egia esanda.

Ezkondu baino bi aste lehenago -guk esaten genuen ezkontza prestatu behar genuela- lortu genuen gure lehen bisita baimena. Barne bisita egin genuen, 45 minutukoa. Lyon-en, beste lekutan ez bezala, astero 45 minutu elkar ikusteko aukera genuen.

Bisitan besarkatu ostean muxu bat ematen ari ginen bitartean jakinarazi ziguten ezin genuela muxurik eman. Eta bagenekien gezurra zela. Senide eta lagunekin hainbat aldiz muxukatu eta besarkatu dugu elkar.

Egia da debekatzen dituztela sexu harremanak baina ez modu esplizituan.

Araudiak esaten du debekatuta daudela jokaera lizunak hirugarren baten bistan. Eta bisita guztietan kristala dago. Presozaina une horretan korridoretik igarotzen bada eta ikusten bazaitu bere ustez egokia ez den jarrera batean zigortu zaitzake.

Gure kasuan besarkatuta geunden eta sexu harremanak izaten egon izan bagina bezala zigortu gintuzten. Barne bisitak kendu zizkigun epaileak ezkondu arte.

Hala ere hori oso gai gatazkatsua da eta Le Vert epaileak -gainerako epaileengan agintzen duenak- oztopo asko jartzen ditu. Adibidez, preso bati ez zion bere umea ezagutzen uzten Le Vert-ek esaten zuelako ezinezkoa zela bere bikotea kartzelan izandako sexu harremanen ondorioz haurdun geratzea.

Gure kasuan Le vert-ek ezkontza oztopatu zuen. Debekatzeko aukerarik ez zuenez ahal bezain beste luzatu zuen, ez baitzigun bisitak izateko aukera eman nahi.

Berez ni espetxez aldatu nahi ninduen. Horren aurrean umea izatea erabaki genuen.

Oso zaila da baina lortu genuen. Baina ez genuen ezer esan. Biok bagenekien aitortuz gero barne bisitak kenduko lizkiguketela.

Arriskurik ez egoteko zerbitzu medikuei esan behar genien. Zerbitzuek isilpean izan zuten hirugarren hilabetea heldu arte, ospitalera eman behar ninduten ekografia egitera eta arrazoia azaldu behar zuten.

Atera ninduten espetxetik eta 20 polizia baino gehiago etorri ziren eskolta gisa, itxarongelan, haurren artean, ni eskuetan esku-burdinak jarrita nituen, medikuarekin nengoen bitartean bi emakumezko sartu ziren -polizia armatua eta presozaina- eta eztabaidatu ostean gutxienez polizia atera zen gelatik, ekografia egiteko esku-burdinak ez zizkidaten kendu... eta gainera ekografian umea ikusten bazen ere bihotz taupadak ez ziren sumatzen.

Hori gutxi balitz nire intimitate eskubidea bortxatu zuen presozainak, dena espetxe guztiari kontatu baitzion.

Protesta egin ostean erdietsi nuen medikuarekin bisita bakarrik egitea. Medikuak esan zidan haurdunaldiak ez zuela aurrera egingo baina nire gorputzak ez zuela umekia botatzen eta ospitalean konpondu beharko zutela hori.

Hori dela eta hirugarren bidaia egin nuen ospitalera eta bertan igaro behar nuen gaua. Horregatik poliziak nirekin etorri ordez indar bereziak egon ziren ni zaintzen: aurpegia estalirik, armatuak... ohera lotu ninduten; soka eta esku-burdinekin sartu ninduten ospitalean. Sekulako liskarra izan genuen.

Baina hori gutxi balitz nik ez nuen erabateko anestesia nahi eta hala ere jarri zidaten eta polizia batek ikusi zuen nire ebakuntza osoa.

Ezinezkoa dirudi baina Estatu Frantziarran duela gutxi lortu da emakume presoek erditzea esku-burdinekin lotuta egon gabe. Abereak bezala tratatzen dituzte presoak, bereziki emakumeak.

Eta orain nolakoa da zure harremana Aletxurekin?

Ezarri didate lurralde debekua. Hori dela eta ezin naiz Estatu Frantziarrean sartu. Haien argudioa da bere lurraldean sartuz gero erakundean sartu naitekeela berriro, baina horrek ez du inolako zentzurik, egin nahi izango banu ez nieke baimena eskatuko. Nik baimena eskatu dut nire senarra ikusteko.

Baina debekatzen didate nire senarra ikustea izorratzeko. Nahi izango balute ni kontrolatzeko eskumena dute, beraz segurtasun arrazoi horiek gezurra dira.

Horregatik helegitea jarri dugu. Espetxean nengoela birritan jarri genuen helegitea eta hori egiteko prozesua oso ezatsegina.

Oso modu iraingarrian jokatzen dute; leporatzen digute mesedeak eskatzen ditugula, baina zure senarra ikustea eskatzea ez da mesedea, eskubidea baizik.

Askatu ostean beste helegitea jarri nuen, ez dute onartu eta Europako Giza Eskubideen Epaitegia besterik ez zaigu gelditzen, baina horrek urteak beharko ditu.
Bitartean senidea ikusteko aukerarik ez dizute ematen, amatasuna ukatzen dizute... bakarrik telefonoz eta eskutitzez komunikatzen gara.

Ia lau urteren ostean, epaiketa izatea gogorra edo lasaigarria da?

Gogorra da. Gogorrak dira baldintzak; garraioa, bertan dauden ziegak, ematen dizuten tratua...

Epaiketa prestatzeko ere baldintzak oso zailak dira, abokatuak Iparraldean bizi baitira mila kilometrotara.

Bidaiatzea gogorra da eta haiek hainbat preso bisitatu behar dituzte. Eta zaila da epaiketa prestatzea. Aletxuk behin uste dut ikusi duela abokatua.

Sakabanaketak ez ditu bakarrik oztopatzen senide eta lagunekin harremanak, babes legala izateko aukera ere.

Eta epaiketan zabor ugari irentsi behar da. Gezur ugari esaten dituzte.

Hala ere nik badakit Aletxu gogorra dela eta indartsu helduko dela epaiketara eta ondo eramanago duela.



 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide