Duela hiru urte, 2014ko abenduan, itxi zituen ateak Urduñako Aduana eraikineko bainuetxe-hotelak. Itxiera aurreko urtean 7.757 bisitari jaso zituen hiriak, 2015etik aurrera 6.500 bisitari ingurutan mantendu da zifra. Datu horiek eskutan Urduñako Udalak bainuetxearen itxierak turista kopuruan % 18ko beherakada suposatu duela ondorioztatu du.
2002 eta 2012 urteetan bainuetxeak salaketak jaso zituen hainbat erabiltzaile bertako bakteria baten ondorioz ospitaletik pasa ostean. Aduana kudeatzen zuen enpresak 2014ko abenduan itxi zituen eraikinaren ateak. Geroztik, ez du inongo erabilerarik izan bainuetxeak eta guztiz itxita mantendu da hiru urtez.
Udaberria ortzimugan
Irailean hitzarmena sinatu zuen Urduñako Udalak Orduña Gestion H72 S.L. enpresarekin. Gauzak horrela bainuetxe-hotelak udaberrian zabalduko ditu berriro ateak. Aurretik, Udalaren kalkuluen arabera, 800.000 euroko inbertsioa egin beharko du enpresak hiru urteren ostean eraikina berriro atondu eta martxan jartzeko.