“Kalean egoteko ohitura daukat, eta Otxomaioetan ere kalean egongo naiz”

Txabi Alvarado Bañares 2018ko api. 2a, 09:10

AINTZANE OKERANZA VILLATE (Delika, 1953) hautatu dute aurtengo Otxomaio jaietako txupinera izateko, hirian loreak eta zuhaitzak landatzen egin duen lanagatik.

Aurtengo Otxomaioetako txupinera izateko hautatu zaituzte. Nola jaso duzu berria?

Hasieran apur bat urduri jarri nintzen. Zerbait entzuna nuen, baina ez nuen sinesten. Denbora-tarte bat eman zidaten pentsatzeko eta gero esan nuen baietz, animatuko nintzela suziria piztera.

Pozik orduan?

Orain bai, pozik nago. Pozgarria da horrenbeste jende ni proposatu izana.

Hiriko landareekin eginiko lanagatik hautatu zaituzte.

Lana utzi nuen senarra zaintzeko, eta zendu zenean ezin nintzen etxean geratu, kalera atera behar nuen. Orduan erabaki nuen hiriko lorategiak zaintzen hastea. Ez zegoen apenas landarerik, ortuak baitzeuden jarriak. Baratze asko daude Urduñan, baina loreak ez horrenbeste. Zuhaitz asko jarri ditugu baita ere. Landareen zaintzaz arduratu gara batez ere, asko kostatzen zaielako lurra hartzea.

 

"Leku berdinetan landatzen jarraituko dugu, baina lore eta zuhaitzak hobeto jarrita. Lorategi bertikal bat egin berri dugu, haizeak botatako zuhaitz batzuen enborrak baliatuta"

 

Non landatu dituzue lore eta zuhaitzak?

Foru plazan, jardineretan... edozein lekutan jartzen ditugu. Hiriko jendea ere animatzen da landareak zaintzera. Kostatu da, baina apurka lortu dugu.

Auzolanean egin duzue, beraz.

Bai, normalean lagun batek laguntzen nau: Mari Paz Robinak. Ez da txupinera izatera animatu, baina balkoira aterako da nirekin. Bien artean egin dugu lana, beste pertsona batzuen laguntza puntualarekin.

Baduzue toki gehiagotan jartzeko asmorik?

Leku berdinetan landatzen jarraituko dugu, baina lore eta zuhaitzak hobeto jarrita. Lorategi bertikal bat egin berri dugu, haizeak botatako zuhaitz batzuen enborrak baliatuta. Oraindik ez dugu bertan lorerik jarri, eguraldia dela eta. Ea Otxomaioetarako jartzerik dugu!

Harresiaren atzean ere lore gehiago jarri nahi ditugu. Jendea kontzientziatu behar dugu oraindik. Loreak moztu daitezke, baina zuhaitzak eta landareak ez.

Nola bizi izan dituzu Otxomaioak orain arte? Aurtengoak bereziak izango direla uste duzu?

Ez dakit, ezberdinak izango direlakoan nago. Ni asko ibiltzen naiz kalean, eta jaietan ere kalean egongo naiz, nondik nora ibiliko naizen ez dakidan arren.

 

“Gazte Asanbladako kideekin hitz egiten egon naiz txupinazoa nola prestatu pentsatzeko”

 

Txupinazoa pizterako orduan zerbait berezia egitea duzu buruan?

Gazte Asanbladako kideekin hitz egiten egon naiz txupinazoa nola prestatu pentsatzeko. Alkatearekin ere harremanetan jarri naiz, nire laguntza behar duen jakiteko.

Bereziak izango dira aurtengo jaiak. Urte berezia izan da aurtengoa, Tripontzia saria ere egokitu zait eta! Jendea animatu nahiko luke kalera atera eta hiriko ekintzetan parte hartzera.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide