Gaur arratsaldean egin dute atzo Urduñan jasotako eraso matxista salatzeko elkarretaratzea. Epaileak hartutako erabakia salatu dute kontzentrazioan, ez duelako urruntze agindurik ezarri. "Ez du emakumea babesteko inolako neurririk hartu”. Alaba ikusteko bisita-erregimena jarri du epaileak, hau da, alaba hartu dezake erasotzaileak epaileak jarritako egutegian.
Era berean, mugimendu feministako kideek gaineratu dute Urduñakoa ez dela eraso bakarra izan, 70 urteko emakume bat hil baitute Bidarten -Lapurdi-. "Beste eraso batzuk. Beste erasotzaile batzuk. Nazkatuta gaude".
"Ezinbesteko tresna"
Emakumeek "amaigabeko indarkeria matxista" pairatzen dutela nabarmendu dute, "emakume izate hutsagatik”. Indarkeria horrek mugarik ez duela gaineratu dute baita ere, "bizi garen sistema kapitalista heteropatriarkalaren funtzionamenduaren ezinbesteko tresna delako”.
Horregatik, aldarrikatu dute indarkeria matxistak "lehen mailako arazo politiko, sozial, ekonomiko eta kulturala" izaten jarraitzen duela, "erasoak ez direlako modu isolatu edo bakartuan ematen".