Aiaraldeko Mugimendu Feministak azken asteetan eskualdean gertatu diren eraso matxisten berri eman du. Amurrio eta Urduñako neska gazte batzuek salatu dute mehatxuak, jarraipenak eta mezu iraingarriak jasan dituztela kaletik. Eraso horien atzean Urduñako mutil gazte bat dagoela adierazi dute eskualdeko talde feministek. Egunez zein gauez neska gazteak jarraitu eta haien aurrean masturbatu egin da erasotzailea.
Aiaraldeko Mugimendu Feministak gogor arbuiatu ditu erasoak eta hauen aurrean geldi egongo ez direla adierazi dute, “ez dugu aukera bakar bat gehiago emango eta justizia gure eskuetan hartzera goaz”. “Apustu ausartak” eta “neurri sakonak” beharrezkoak direla azpimarratu dute.
Manifestazioa deitu dute ostiral honetarako. Protesta arratsaldeko 19:30ean abiatuko da Urduñako Foru Plazatik.
Halaber, eragile feministek indarkeria matxista “lehen mailako arazo politiko, sozial, ekonomiko eta kulturala” dela gogorarazi dute, “erasoak ez dira modu isolatuan ulertu behar, bizi garen jendartearen antolaketa sexista ahalbidetzen duen indarkeriaz ari baikara”.
Laudioko erasoa ere salatu dute
Atzo Laudion salatutako eraso matxista ere arbuiatu dute, eta salaketa jarri zuen emakumeari elkartasuna adierazi diote: “gure elkartasun eta indarrik beroenak horrelako erasoak jasan behar dituzten emakume guztiei”.