Urduñako EH Bilduk gaur jakinarazi du bere alkategaia: Itziar Biguri Ugarte izango da zerrendaburua, azken lau urteetan alkateorde aritua eta geologian lizentziatua. 45 urteko urduñarra Eusko Jaurlaritzako ingurumen teknikaria da 2004 urteaz geroztik. Horrez gain, Urduñako zenbait elkarteetan hartzen du parte; Adi Emakumeak-en eta Mugalden, kasu.
Hautagaitzari gogoz heldu dio, adierazi duenez: "Zuen guztion ilusio eta animoek indarra eman didate proiektu honi aurre egiteko. Erronka handia bada ere -aurrekoek lan ederra egin baitute- mugimendu anitz eta irekia osatuko dugu denon artean. Animo eta aurrera!".