“Urduñaren potentzial guztiak aktibatzeko” prest agertu da Itziar Biguri

Txabi Alvarado Bañares 2019ko mar. 28a, 23:30

Ekitaldia egin du Urduñako EH Bilduk gaur arratsaldean Alondegian. Itziar Biguri alkategaiak eta Oscar Matute Espainiako Kongresurako zerrendaburuak hartu dute hitza, hiriko egungo alkatea den Idoia Aginakoren aurkezpenaren ostean.

Biguri mintzatu da lehenbizi. Duela zortzi urte hiriak bizi zuen egoera izan du hizpide. “EAJk klientelismo sare bat ehundu zuen Urduñan”, gogorarazi du, “hiria erabat zorpetu zuten”. Aurrekontuan zehaztutakoa baino askoz gehiago ordaintzen amaitu zuten proiektuak jarri ditu horren adibide gisa: “Aduana, jubilatuen etxean altzariak jartzea, golf zelaia...”. EH Bilduko alkategaiaren ustez, udala “leku itxi bat” zen garai horretan, oxigenorik gabekoa. “Gobernura iritsi ginenean, gainera, konturatu ginen arazoa uste genuena baino larriagoa zela”.

Gauzak hala, lehen agintaldian udaleko “armiarma sareak garbitzen” eman zutela azaldu du Bigurik. Bigarren agintaldian, aldiz, Urduñari “bizitza” eman diotela aldarrikatu du: “frogatu dugu gauzak beste modu batera egin daitezkeela. Aukera eta beharretan zentratu gara lege-agintaldi honetan”. Hautagaiak aitortu du ez dituztela nahi izan dituzten gauza guztiak egin, “baina 180 graduko bira eman dugu eta orain etorkizunerako norabidean goaz”.

Zentzu horretan, EH Bilduko kideak aurreratu du iragan hauteskundeetan aurkeztu zuten programa bera izango dutela iparrorratz oraingoan ere, udalerriari “bere potentzialtasun guztia” ateratzeko, “Urduñan bizi garen pertsonak garelako hiriaren birika”.

Oscar Matuteren hitzartzea
Oscar Matutek hartu du hitza jarraian. Apirilaren 28ko hauteskundeetan bozkatzearen garrantzia nabarmendu du diputatuak, “bertan lortutako emaitzek eragina izan dezaketelako maiatzeko udal hauteskundeetan”. Era berean, ERC eta EH Bilduren arteko aliantza goraipatu du Matutek, “aliantza horren pisua klabea izan daitekeelako Espainiako Gobernua osatu beharko denean”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide