Korrikan parte hartu izan duzu, ez?
Bai, Dulantzin parte hartu nuen lehenbiziko aldiz, bertan bizi izan bainaiz duela oso gutxira arte. Orain Urduñan bizi naiz. Hiriko ingeles akademia batean egiten dut lan.
Zer nolako ekimena iruditu zitzaizun?
Ekimen interesgarria iruditu zitzaidan, oso pozik hartu nuen parte. Euskara sustatu eta mundura zabaltzeko oso egitasmo berezia iruditu zitzaidan, ez dut inoiz horrelakorik ikusi. Oso deigarria da zenbat motatako pertsonek parte hartzen duten ikustea: gazteak, haurrak, nagusiak... eta beste jatorri batzuetakoak, ni bezala.
Oso denbora gutxi daramazu Urduñan bizitzen. Nola iritsi zara hirira?
2013an etorri nintzen Euskal Herrira bizitzera, nire neskalaguna hemengoa delako. Dulantzira joan ginen bizitzera, eta duela bizpahiru hilabete mugitu ginen Urduñara.
Euskara ikasteari ere ekin diozu. Zer dela eta?
Bai, duela bostpasei urte hasi nintzen. Euskal Herrira bizitzera etortzeak bultzatu ninduen hizkuntza ikastera. Parte hartzeko eta jendea ulertzeko gogoak nituen. Lagun euskaldun asko ditut. Horregatik, gizartean integratzeko tresna bat da euskara. Hizkuntza kultura da, azken finean. Gaztelera ikastera mugatzen bazara ez duzu hemengo kultura guztira heltzerik.
Nolakoa izan da ikasketa prozesua?
Ondo, baina zaila izan da (barreak). Gustuko dut euskara ikastea, ez dut uste esaten dutena bezain zaila denik. Kalean praktikatzea da zailena, gaztelerara jo dezakezulako beti, eta horrek aurrera egitea galarazten dizu.
Orduan ezin izan zara hizkuntzan behar bezala murgildu.
Non bizi izan naizen ere eragina du, noski. Gaztelera gutxiago hitz egiten den tokietan bizi izan banintz (Baztanen, adibidez) derrigortuago egongo nintzateke euskara praktikatzera. Baina Urduña eta Dulantziko kaleetan ez da euskara entzuten. Euskaraz hitz egiteko ahalegin handiagoa egin behar duzu orduan.
Ingeleseko irakaslea zara. Zer berezitasun sumatu dituzu euskaran beste hizkuntzekiko?
Nik alemana ikasi nuen institutuan, eta hizkuntza horrek euskararekiko antzekotasun ugari dituela uste dut: Aditzak amaieran doaz, adibidez.
Hori gustatu zait, beste hizkuntza baten erreferentzia izan dudalako. Gustuko dut gramatikarekin jolastea. Hitz egitea da zailena niretzat.