Foru plazan egin du hauteskundeetako ekitaldia Urduñako EAJk. Iñaki Cuadra izan da hitza hartzen lehena, Urduñarako jeltzaleen erronkak aipatuta. Azpiegiturak, enplegua eta industriagunea indartzeko beharra edota gazteria kontseilua sortzeko konpromisoa izan ditu hizpide, besteak beste. “Urduña izan zena errekuperatu behar dugu, hiri bizia dugu, eta hori hala bada kulturak batzen gaituelako da”. Kulturarekin jarraituz, Andra Mari ikastetxearekin hitzarmena sinatzeko ideia azaldu du, "arte eszenikoak eskaini ahal izateko bertan, eta Amurriora horretara joan behar ez izateko”. Obren harira, gobernu taldearen inbertsio eza kritikatu du alkategaiak: “Urduña erortzen ari da, auzoak, Foru plaza... dauden arazoei soluzioak emateko ez dugu aukerarik ikusten”. Enpleguari dagokionez, industriagunean enpresa berri bat kokatuko deal aipatu du. “4.0 industria bultzatu behar dugu, ekintzaileek euren jarduera Urduñan gara dezaten. Industria, enplegua, komertzioa eta turismoa sustatzea funtsezkoa da”, erantsi du.
Kirol proiektuetan igerilekuak eta aisialdi gunea berritzeko hautua defendatu du Cuadrak, jeltzaleen egitasmoaren berri emanez: “Proiektua dugu, berritu behar da azpiegitura. Enpresekin hitz egin dugu eta uste dugu epe motzean igerileku publiko-pribatua egin litekeela”. Finean, Urduña balioan jarri nahi du EAJk, “aprobetxatu gabeko hanka asko ditu eta”. Hiria hobetzeko talde-lanean jardungo dute, azpimarratu duenez: “Diputazioarekin elkartuko gara. Denekin egon eta hitz egin nahi dugu. Programa horrela egin dugu, gazterian 70-80 lagunek hartu dute parte, bileretan jende asko elkartu da... Talde askoren lana da hau guztia errealitate izatea. Talde lana izango da Urduña haziaraztera eramango gaituena”.
Idoia Sagastizabal EAJren Espainiako kongresuko ordezkaria igo da oholtzara ondoren. “Eraikitzeko politika egin dugu oposiziotik, baina orain udaletxea lideratzea dagokigu”, adierazi du, "ekintzek erakusten dute eredu politiko eta ekonomikoa garela hemen eta Europan”. EAJ taldea konprometitua eta ilusioduna dela goraipatuz bukatu du hitzartzea, hirirako dituzten proiektuak gogora ekarrita: "10 urte eta gero enpresa handi bat erakartzea lortu dugu gure hautagaiaren lanari esker. Pankarta atzeko politika edo politika eraikitzailea, hori erabaki beharko dute herritarrek maiatzaren 26an".