EH Bildu: "Udala kudeatzen onenak izan garela demostratu dugu"

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko mai. 24a, 13:03

Atzo egin zuen Urduñako EH Bilduk ekitaldia. Itziar Biguri zerrendaburuak, Endika Rozasek, Ion Iñarrituk eta Zigor Isuskizak hartu zuten hitza.

Zigor Isuskiza Batzar Nagusietako EH Bilduko kideak egin zuen lehen hitzartzea. Emaitzak hobetzeko esperantza zabaldu zuen: "EH Bildurekin herritarrok gardentasun eta zintzotasunean irabazten dugu, baina batez ere, duintasunean". Garraio eta enplegu sistema duinak aldarrikatu zituen biltzarkideak: "Batzuk urduri daude. EH Bilduk proposatu zuen Bizkaiko Batzar Nagusietan Nerbioiko parke linealeko bidegorriaren proiektua. EAJk ezezkoa eman zuen, eta hauteskundeen atarian iragarri dute proiektua. Berdina egin dute AP68ko ordainsariekin".

Endika Rozas zerrendakideak hartu zuen hitza segidan, gazteriak lagunduta. "XXI. mendean bizi nahi dugulako, Itziar Biguri eta EH Bildu dira aukera onena", ziurtatu zuten. EAJren gobernu garaian gazteek jasandakoa ekarri zuten gogora: "Gaztelekua gazteekin kontatu gabe egin zuten, gazteriaren aurkako epaiketak izan genituen... EH Bilduren ereduak gazteria entzutean eta elkarlanean datza". Hala, kulturartekotasuna eraiki edota animaliak errespetatuko dituen jai eredua sustatzeko konpromisoa defendatu zuten, besteak beste.

Jon Iñarritu senataria igo zen ondoren oholtzara. Naziotasunaz mintzatu zen: "Maiatzaren 26an Europan estaturik gabeko geroz eta nazio gehiago gaudela erakutsiko dugu". Eskozia, Belgika eta Flandria ere jarri zituen eredu gisa, lehen indarra independentista baita toki horietan, "lehenago edo beranduago gure jendarteak erabakiko du bere naziotasuna". Testuinguru politikoari heldu zion gero, salbuespenezko egoerari: "Onartezina da preso politikoak egotea Bruselasen ordezkatuta edo Europan, mediterraneoko itsasoan errefuxiatuekin gertatzen ari dena...".

Itziar Biguri alkategaiak itxi zuen ekitaldia. Nabarmendu zuen pozik eta indartsu helduko diola datorren lege-agintaldiari. EAJri luzatu zion mezua: "Ez saldu kea. 8 urte eman ostean aurrekontuei ekarpenik egin gabe, asanbladetan ez duzue parte hartu... ezinezkoa da proposamen koherente eta posibleak egitea". EAJren lan estiloa kritikatu zuen zerrendaburuak: "Ez gaitezen engaina. Enpresa bat zabaltzea ez da enplegua sortzea. Ekonomia sustatzea edadetuen egoitza 40 lanposturi esker mantentzea da, hiria erakargarritzea komertzio eta ostalaritza laguntzeko, trebakuntza eskaintzea, zerbitzu sozialetan eta udal brigadetan langileak ugaritzea... Finean, ahal den neurrietan inbertitzea pertsona guztiek lanerako aukera izan dezaten".

Bidesarien harira, Bigurik azpimarratu zuen EAJk neurri hori iragarri arren, udalbatzan jeltzaleek kontra bozkatu zutela, "eta ondorioz, urtebete galdu dute urduñarrek hobarietan". Igerilekuen harira, azpiegituretan 200.000€ baino gehiago inbertitu direla azaldu zuen: "Igerileku handia ur putzuaren gainean eraiki zuten, gaizki... Plazarekin berdin, EAJk egin zuen, dirutza utzita. 30 urteetan egin ez dutena, EH Bilduri 8 urteetan egitea eskatzen diguzue? Hori da EAJren estiloa, beste enpresa lagun bat kontratatzea eta dirutza banatzea. Eraginkorrak direla diote, baina 2011n 7 milioi euroko zorra utzi zuten udalean".

Koalizio abertzalearena politika egiteko beste modu bat dela gaineratu zuen Bigurik: "Auzo asanbladak egin ditugu Antiguakoekin jolas parkea prozesu parte hartzaile baten bidez erabakitzeko, Urduñako gune guztietan izan gara proposamenak partekatu eta ekarpenak jasotzen... Bete dezakeguna soilik hitz eman dugu, ez kea". Eraginkortasunaren adierazletzat jo zuen hautagaiak udal zorra %60 txikitzea 8 urtetan. "Ikaratuta daude irabaztera goazelako. Herria herriarekin eta herriarentzat lan eginez irabazten da, ez kea saltzen", erantsi zuen. Udala kalera ateratzea izango da euren erronka nagusia, Biguriren esanetan. "Urduñan hobeto bizitzeko neurriak ditugu: hiri parte hartzaile eta alaia nahi dugu, haur, gazte, heldu eta edadetuentzat; alde zaharra konpontzen bukatuko dugu, skate pista berritzera goaz, auzoetako bizi kalitatea hobetzera, etxebizitza hutsak merkaturatzera, gazteekin diagnostikoa osatzera, txikienekin hezkidetza lantzera, nagusiak zaintzera... Udala kudeatzen onenak izan garela demostratu dugu eta ekipo izugarria dugu".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide