Gehiengoa lortu duzue eta azken legealdiko emaitza berdindu duzue: 6 zinegotzi. Nola baloratzen dituzue lortutako emaitzak?
Oso balorazio positiboa egiten dugu, noski. Ez da bakarrik zinegotzien gehiengoa lortu dugula, orain dela 4 urte baino bozka gehiago eskuratu ditugu eta orain dela 8 urteko emaitzara hurbildu gara. Apirileko hauteskunde orokorretan bigarren indarra izan ginen Urduñan, baina oraingoan herritarrek erakutsi digute gugan konfiantza dutela udalaren kudeaketarako, eta hori da izan dezakegun saririk onena, noski. Urduñarrek ikusi dute -eta positiboan baloratu dute- bi legealdi hauetan EH Bilduk egindako lana, beraz, ez dut ezer negatiborik ikusten momentu honetan. Oso pozik gaude lortutako emaitzarekin.
Zeintzuk dira epe motzean Urduñako EH Bilduk dituen erronkak?
Taldea antolatu beharko dugu lehenik eta behin, logikoa denez. Baina gure kasuan ez da aldaketa handirik egongo, izan ere, orain arte izan dugun lan estilo eta dinamikarekin jarraituko dugu. Eta noski, hurrengo 4 urteetarako aurkeztu dugun programa hartuta lanean jarriko gara! Gure taldeko batzuk, gainera, aurreko lantaldean egondakoak gara, beraz, erraza izango da egindakoa indartzea eta aurrera egitea.
Emaitzen arabera ez duzue pakturik egin beharko gobernatzeko.
Hala da, bai, Urduñako udalean dauden 11 zinegotzitik 6 lortu ditugu; eta, beraz, ez dugu pakturik egin beharko gobernatzeko. Dena den, espero dugu EAJk txipa aldatzea eta orain arte ez bezala, lan egiten hastea. Guk denentzat lan egingo dugu, noski, orain arte bezala, baina haiek ere boto ugari lortu dituzte eta zerbaiterako balio dezatela gustatuko litzaiguke... Baina noski, haiek ikusi beharko dute zer egin nahi duten.