“Denok gozatzeko modukoa izango da Urduñako kintoen jaia”

Txabi Alvarado Bañares 2020ko ots. 25a, 07:00

Urduñako aurtengo kintoetako hiru dira MAIALEN GOITIANDIA MUGURUZA, NATHALIE GRAY FERNANDEZ eta GARAZI OVIEDO GARCIA (Urduña, 2002). Datorren otsailaren 29rako prestatutako jaiaz mintzatu dira.

Larunbatean egingo duzue Urduñako kintoen jaia. Zer prestatu duzue?

Maialen Goitiandia Muguruza: Lehenbizi aipatu behar dugu otsailaren 1ean herriz herri eta etxez etxe joan ginela abesten, dirua biltzeko. Bildutako diru horrekin antolatuko dugu jaia otsailaren 29an, hainbat ekintzarekin.

Lehenik eta behin, meza santua izango dugu, hamarretan, tradizioa delako. Gero, 11:30etik 13:30era umeentzako jolasak egongo dira. Trikipoteoa egingo dugu ondoren. Kuadrilla guztiak aterako dira eta hiriko kaleetatik ibiliko gara. Bazkaria izango dugu jarraian, eta batukada etorriko da gero, arratsaldeko zazpiak arte. Amaitzeko, kontzertuak izango dira. Cuatro Bancos talde urduñarrak joko du lehenbizi, eta Txapelpunk taldearen, Akerbeltz erromeriaren eta DJaren txanda iritsiko da gero.

Nola antolatu zarete egitarau hori prestatzeko?

Nathalie Gray Fernandez: 35 kinto gaude guztira. Irailean hasi ginen bilerak egiten. Pixkanaka hainbat jende batzen hasi zen eta taldea osatu dugu. Astero biltzen egon gara. Talde bakoitzak gauza bat antolatzeko ardura hartu du, gutxi gorabehera.

Nola lortu duzue jaia antolatzeko dirua?

Garazi Oviedo Garcia: Ostiralero egin ditugu bilerak Urduñako elizan, eta bilera bakoitzean pertsona bakoitzak hiru euro jarri ditu. Zozketa ere egingo dugu. Pertsona bakoitzak 100 txartel saldu behar izan ditu. Saltokietatik ere igaro gara diru eske, eta otsailaren 1ean herriz herri joan ginen diru eske.

Zer da zozketatzen duzuena?

G.O.G.: Lehen saria tokiko produktuekin osatutako saski bat da. Bigarrena, aldiz, 60 minutuko zirkuitu bat da, Urduñako bainuetxean.

Zer esango zeniekete Aiaraldeko gazteei otsailaren 29ko jaira bertaratu daitezen?

N.G.F.: Adin guztientzako ekitaldiak antolatu ditugula, denok gozatzeko moduko jaia izan dadin. Ondo egongo dela uste dugu, eta horregatik nahi dugu ahal bezain beste jende gerturatzea.

Zerbitzu militarra egitera zihoazen gazteek ospatzen zituzten kintoak aspaldi. Gaur egungo kintoek nola bizi duzue jai hau?

M.G.M.: Guretzat osoa gauza berezia da kintoak izatea. Tradizioa izan da, azken finean. Lehen, soldaduskara zihoazen gazteek egiten zuten jai hau. Etxez etxe joaten ziren abesten eta bildutako diruarekin afari bat egiten zuten gero guztien artean. Orain gauzak apur bat aldatu dira, diru horrekin jaiak eta kontzertuak antolatzen ditugulako. Baina guretzat oso gauza berezia da, txikitatik egon garelako kinto izateko gogoekin... Eta azkenean bagara!

Elkarrekin egongo zareten azken urtea izango da.

M.G.M.: Hala da. Batxilergoko bigarren mailan gaude. Gero selektibitatea dator, eta unibertsitatea ondoren. Aprobetxatu behar ditugu elkarrekin ditugun une hauek.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide