Ivan Fandiño duela bi urte zendu zen Aire-sur-l'Adourren (Frantziako hegoaldea), zezenketa batean. 36 urteko toreatzaile urduñarrak estropezu egin zuen bere kapotearekin zezenari "kitea" egitera zioanean, eta adarkadaren ondorioz hil zen egunean bertan. Ehunka lagunek eman zioten agurra, 2017ko ekainaren 20an Urduñan:
Lehen zezenketa, Laudion
Oso gaztea zela (14 urterekin) zaletu zen Fandiño zezenketetara. Aurretik pilotari gisa aritu zen. Laudioko San Roke Jaietan estreinatu zen torero gisa, 1999ko abuztuaren 16an. Handik hiru urtera egin zuen bere lehen zezenketa pikadoreekin, bere jaioterrian. 2005 urtean lortu zuen torero gisa doktoratzea, Bilboko Vista Alegre plazan, El Juli aitabitxi zuela.
Bere ospea handituz joan zen pixkana. 2011 urtean Madrilgo Las Ventas plazan aritu zen lau aldiz, beste horrenbeste zezen hilaz. San Isidroko eta Denboraldiko Toreatzaile Onenaren sariak lortu zituen horrela.
Bi Urrezko Belarri
2012.urtea ere urte oparoa izan zen urduñarrarentzat. Valentziako Failetako Ferian aritu zen, eta Sevilla eta Madril ere bisitatu zituen, zezen bana hilaz hiri bakoitzean. Bilbon, Baionan, Toledon edota Pontevedran ere aritu zen, besteak beste. Modu horretan lortu zuen denboraldiko toreatzaile onenaren Urrezko Belarria, hurrengo urtean berriz lortuko zuena.
2015 urtean, aldiz, oso bestelako errekonozimendu bat jaso zuen toreatzaileak. Otxomaioetako pregoilari izendatu zuten, bere ibilbide osoaren aitortza gisa:
Argazkiak: Antonio Muñoz