Urduñako Udalak jakinarazi du bihar -urtarrilak 14- hasiko direla COVID-19aren aurkako txertoak jartzen hiriko nagusien egoitzan. “Erabiltzaileek zein egun horretan goizeko ordutegia izango duten langileek jasoko dute SARS-CoV-2 koronabirusaren aurkako txertoa lehen aldiz”, azaldu du tokiko erakundeak. Egoitzan lan egiten duten gainontzeko pertsonek ere jasoko dute txertoaren lehen dosia. Galdakaoko Unibertsitate Ospitalera bertaratu beharko dira horretarako, urtarrilaren 21ean eta 28an.
Nagusien egoitzako kideek, bisitariei harrera egiteko erabiltzen den gela egokitu dute, txertoa jartzeko erabiltzeko. “Kanpoaldetik sartu ahal izateko eskailerak prestatu dira, kutsatzeko arriskuak murrizteko helburuarekin”.
Udalak ziurtatu duenez, gaur egun nagusien egoitzan ez dago COVID-19a duen inor. Lau erabiltzaile kutsatu ziren apirilean, baina laurek lortu zuten gaixotasuna gainditzea.