Sutea piztu da gaur arratsaldean Urduñako Somolsa fabrika abandonatuan, La Rondinako industriagunean. 14:30ak aldera jazo da gertaera, Ertzaintzak Aiaraldea Komunikabideari jakinarazi dionez.
Poliziaren patruila bat, anbulantzia eta Arabako Foru Suhiltzaileak bertaratu dira egoera bideratzera, Urduñako suhiltzaile boluntarioekin batera. 15:00etarako kontrolatua zegoen egoera, eta ez da inolako zauriturik egon.
Gertatutakoa ikertzen ari da Ertzaintza. Antza, bertan zeuden koltxoi batzuetan piztu da sua.
17 urte itxita
2004. urtean itxi zituen ateak Somolsa fabrikak. Ordainketak etenda ditu enpresak orduz geroztik, eta 2,4 milioi euroko zorra du pilatuta ogasunarekin. Azaroan ehunka lagun bildu ziren lantegi horretan, 'SOS Aiaraldea' lemapean eskualdearentzako "emergentziazko neurriak" eskatzeko. Bailara berrindustrializatzeko plan bat eskatu zuten, besteak beste.