Aiaraldean jazotako eraso matxista berri baten testigantza zabaldu du Amurrioko Otsemeak Neska* Gazte Taldeak, irailean abian jarritako 'Entzun Gaitzatela' salaketa tresna baliatuta. Urduñan gertatutako bortxaketa da talde feministak salatutako azken erasoa.
Erasotua izan den neskaren lekukotza plazaratu dute sare sozialen bidez bortxaketaren berri emateko:
ADI‼️
— OTSEMEAK! (@Otsemeak) January 4, 2022
BESTE ERASO BAT GURE ESKUALDEAN!#AutodefentsaFeminista pic.twitter.com/PUOXfnjeYU
Zazpi eraso
Urduñako bortxaketa azken hilabeteetan 'Entzun Gaitzatela' tresnaren bidez jasotako zazpigarren erasoa da. Aitortutako erasoen artean, gainera, beste bortxaketa bat ere dago. Argitara ateratakoak baino gehiago dira, ordea, ezkutuan geratutako erasoak, Otsemeak taldeko kideek azaldutakoaren arabera: "astero-astero errepikatzen dira horrelako gertakariak. Ezin dugu onartu hauek normalizatzea".
Hain zuzen ere, azken hilabeteetan eskualdean areagotutako eraso guzti horiek modu anonimoan salatzeko tresna sortu zuten Amurrioko neska* gazteek: 'Entzun Gaitzatela'.
Galdetegiak erasoa jasan dutenen testigantzak jaso eta erdigunean jartzea du helburu, erantzun publikoa emateko helburuarekin: "Salaketa egiten duen neska* gaztearen egia da balio duena. Askotan epaitua izateko beldurra dago salaketa bat ez egitearen atzean. Egia hori zalantzan jarriko ez denaren ziurtasuna eman nahi dugu baliabide honekin” azaldu dute Otsemeakeko kideek.
Orain arte aditzera emandako kasuetan, erasoak salatu dituztenak 17 eta 24 urte bitarteko neskak izan dira. Erasotzaileen gehiengoa, ordea, 25 urtetik gorako gizonak izan dira, eta %28,6k 30 urte baino gehiago zuten. Otsemeakek bildutako datuen arabera, kasu guztietan erasotzaile bakarra izan da, kasu batean izan ezik, non bi izan ziren.