Asteazkenean tirokatutako beste katu bat aurkitu zuten Urduñan. Zehazki, errepide baten alboan topatu zuen urduñar batek eta, ikusita zutik egoteko arazoak zituela, pentsatu zuen ibilgailu batek harrapatu zuela. Gauzak horrela, El Refugio de los Sabios animalien babeserako aterpera eraman zuen.
Han janaria eman zioten eta perdigoia aurkitu zioten lepoan. Berez, objektuak bizkarrezurrean jo zion eta horregatik zituen katuak arazoak tente mantentzeko. Atzo goizean aterpeko arduradun batek adierazi zion Aiaraldea Komunikabideari kalteak handiak izanez gero, sakrifikatu beharko zutela. Ordea, gauean animaliak hobera egin zuen eta, momentuz, aukera hori baztertu dute.
Gutxienez, lau katu tirokatu dituzte Urduñan edo inguruetan azken urtean.
Katua topatu zuen urduñarrak jakinarazi du etxekoia zela, oso mantsoa baita. Hori bai, ez zuen identifikatzeko txipik.
Salaketa
Animalien babeserako ekintzaileek azaldu dute Ertzaintzara joko dutela salaketa jartzeko: "Albaitariaren txostena jaso bezain pronto, poliziarekin jarriko gara harremanetan".
Izan ere, azken 9 hilabeteetan hiru katu heldu dira aterpera perdigoiekin. Bat Delikan agertu zen, beste bat Urduñako hirigunean eta asteazkenekoa Zedelikan. Horiei beste bat gehitu behar zaie, Tertangan hil zena. Tamalez, ez dira kasu isolatuak izan, eskualde osoan gertatu baitira horrelako erasoak.