Emakumeek hartuko dute Urdu Folk jaialdiaren 10. urteurreneko oholtza

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko eka. 18a, 07:00
Material ekologikoz egindako arropa atera dute Jaialdia promozionatzeko. Aiaraldea.eus

Iraileko lehenengo asteburuan ospatuko dute UrduFolk jaialdiaren 10. edizioa. Honezkero aurreratu dituzte oholtzan arituko diren musika taldeak, eta emakumez osatutako banden aldeko apustu argia egin dute: Judith Nedderman, Las Migas, Kuttune eta Las Karamba. 

Urte berezia izango da aurtengoa UrduFolk musika jaialdiarentzat; pandemia osteko lehen edizioa ez ezik, 10. urteurrena ere ospatuko duelako. Urte luze hauetan folk musikaren erreferente bilakatu da iraileko lehenengo asteburuan antolatzen den jaialdia, eta prestatzen ari diren egitarauak orain arte urratutako bide arrakastatsuan sakontzea du helburu.

Emakumeak lehen lerroan

Alor guztietan izango da berezia aurtengo edizioa. Izan ere, antolatzaileek apustu argia egin dute: emakumez osatutako edo emakumeek lideratutako bandek joko dute soilik. Oraindik kartela publiko egin ez duten arren, honezkero aurreratu dituzte  Foru Plazako oholtza zapalduko duten taldeak, eta munduko musikak izango dira ardatza: Irailaren 2an Judith Nedderman eta Las Migas arituko dira; irailaren 3an, aldiz, Nerea Quincoces artziniegarraren Kuttune eta Las Karamba taldeek girotuko dute iluntzea. 

Sona handiko proposamenak dira guztiak. Las Migas taldea, esaterako, Grammy Latino saria irabazteko hautagaien artean egon zen, eta Euskal Herrira egindako azken bisitetan sarrera guztiak saldu dituzte 3.000 lagunentzako edukiera duen Euskalduna Jauregian. Urduñakoa izango da inguruotan irekian joko duten lehendabiziko aldia.

Las Karamba taldea, aldiz, Europako bira batean dago murgilduta oraintxe. katalunian bizi diren emakume katalandar, kubatar eta venezolandarrek osatzen dute taldea, eta mezu feminista oso markatua uztartzen dute doinu latino dantzagarriekin.

Ekintza gehiago

Udaleko euskara sailarekin elkarlanean hiru ekintza osagarri antolatu dituzte ere: Iñaki Plazak eskainiko duen kontzertu didaktikoa, Txistuman familientzako ikuskizuna eta Koldo Ulibarrik eskainiko duen Urduñako euskal dantza eta musika ondarearen inguruko hitzaldia. Santa Zezilia bandak, gainera, euskal folkean oinarritutako kontzertu berezia eskainiko du Koroatze gaien egitarauaren barruan. Azkenik, aurreko urteetan bezala, Asturiaseko El Trasno gaitero bandak alaituko ditu Urduñako kaleak.

Zero zabor jaialdia

Zero zabor jaialdia antolatzea da aurtengo edizioko beste erronketako bat. Horretarako, material berrerabilgarri eta biodegradagarria erabiltzeaz gain, jaialdiak berak sortzen duen CO2 aztarna neurtuko dute, Udaleko ingurumen-teknikariekin elkarlanean: Horren arabera, zuhaitz landaketa egingo dute jaialdiaren ostean. Zero kilometroko produktuak baliatzea ere izango da beste ardatzetako bat.

Promozioa

Hurrengo asteetan emango dituzte jaialdiaren inguruko xehetasun gehiago. Bien bitartean promozioan murgilduta daude antolatzaileak. Hilabete hasierako azoka agroekologikoan kontzertuak antolatzeari ekin diote, giroa berotzeko asmoz.

Aurten, gainera, jaialdiko merchandising-a ere kaleratu dute: kotoi ekologikoarekin egindako kamisetak, sudaderak eta poltsoak.

Turismoa sustatuz

Folk musikaren zirkuitu kulturaletan bere lekua aurkitu duen jaialdia da Urdu Folk. Hori dela, Urduñako aisaldi eskaintza zabalarekin zubi lanak egiteko lanabes bilakatu nahi dute iraileko jaialdia, ekintza eskaintza anitza prestatuz.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide