Josteko makinen erakusketa inauguratuko dute ostiralean Orduña Hiria Museoan

Txabi Alvarado Bañares 2023ko urt. 25a, 07:15
Hainbat garai eta motatatko josteko makinak egongo dira ikusgai. / Orduña Hiria Museoa

Arratsaldeko zazpietan egingo dute inaugurazioa, Luis de Pedro bildumazalearen hitzartzearekin eta Glori Lopez musikariaren eta Erauntsi dantza taldearen emanaldiekin. 

Josteko makinez bete da Orduña Hiria Museoa. Luis de Pedro bildumazalearen erakusketa atondu dute Antigoaleko gauzen aretoan, eta irailaren 24ra arte egongo da ikusgai.

Ostiralean izango da makina sortaren inaugurazioa, 19:00etan. Bildumaren jabeak hartuko du hitza bertan, eta musika eta dantza emanaldiak egongo dira jarraian, Glori Lopezen eta Erauntsi taldearen eskutik. 

30 urteko bilduma

Luis de Pedro gernikarrak 30 urte baino gehiago daramatza josteko makinak biltzen, eta 500 pieza baino gehiagoko bilduma osatu du dagoeneko. Alerik esanguratsuenak ikusi ahal izango dira Urduñan.

Antigoaleko gauzen aretoko erakusketak sei hilabetean behin aldatzen dira, gutxi gora behera. Iaz bi bilduma ikusi ahal izan ziren bertan: Carlos Uzkianoren lisaburdinena eta Agustin Erkoreka eta Pilar Arruzaren antzinako irratiena

Aretoz horrez gain, beste bi espazio daude museoan. Horietako bat erakusketa artistikoetara bideratuta dago, eta Loraldi elkarteko kideen margolanak ditu une honetan ikusgai. Besteak, aldiz, sortzaile berrien lanak ditu hizpide. Euskal Herriko baserrien eta baselizen maketen erakusketa dago bertan, baina ez denbora luzerako. Datorren igandea -urtarrilak 29- izango da bilduma hori ikusteko azken eguna. 

Bestalde, Orduña Hiria Museoaren erakusketa iraunkorra dago, Urduñako historia eta etnografiari lotutako ehunka piezez osatutakoa. 

Museoa ostiraletan, asteburuetan eta jaiegunetan dago irekita ordutegi finko batekin. Lanegun batean bisitatzeko, aldiz, aurretiazko hitzordua eskatu behar da, contacto@ordunahiria.org posta elektronikora idatzi edo 635 751 436 telefono zenbakira deituta. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide