TeBeOteka ekimeneko kideek euren "hondar alea" jarri nahi izan diote Urduñako Aste Santuari. Bi erakusketa atondu dituzte horretarako. Lehena Alondegian dago ikusgai ostegunera arte, 18:00etatik 20:00etara. Manu.San artista urduñarrarak hiriko Aste Santuko ekitaldietan eginiko argazkiekin osatu dute bilduma.
Bigarren erakusketa, aldiz, TeBeOteka ekimenaren ohiko erakusleihoetako batean atondu dute; Rómulo jatetxean, hain zuzen. Jose Maria Pedrajas 'Torri' artistaren lanak jarri dituzte ikusgai bertan, 'Urduñako Postalak' izenburupean.
Bi erakusketen helburua da Urduñako "historia, tradizioa eta edertasuna" islatzea, "bi gune ezberdinetan". Hala azaldu du TeBeOteka ekimenaren sustatzailea den Iñigo Arrizabalagak. Modu horretan, ekarpena egin nahi izan diote Urduñako Aste Santuari, "hiriko pizgarri turistiko bat" dela ulertuta.
TeBeOteka ekimenak urteak daramatza Urduñako sortzaileen lana bistaratzeko lanetan. Hainbat ekimen egin ditu horretarako, Harorekin eginiko elkartruke kulturala kasu.
Hemen goiko galerian ikusi daitezke bi erakusketetako irudietako batzuk.