“Indarkeriarik gabeko bizitza izateko eskubidea” aldarrikatu dute Urduñan, larunbateko sexu-erasoen aurrean

Txabi Alvarado Bañares 2023ko mai. 8a, 20:30

Ehundik gora herritar bildu dira Aiaraldeko Mugimendu Feministak gaur arratsaldean Urduñan eginiko mobilizazioan.

Elkarretaratzea egin du Aiaraldeko Mugimendu Feministak gaur arratsaldean Urduñan. Otxomaioetan jazotako sexu-erasoak salatzea izan da deialdiaren xedea, eta ehundik gora herritar bildu dira protestara.  

Mugimendu feministako kideek salatu dute larunbateko gertakariek gizartearen “egitura patriarkala” utzi dutela agerian, “beste behin ere”. “Jaiak, gauak eta kaleak ez dira berdinak denontzako”, nabarmendu dute Foru plazako oholtzatik irakurritako komunikatuan, “gizonek haien pribilegioak erabiltzen jarraitzen duten bitartean ukipenak egin, komentario matxistak edo espazio publikoa erabiltzeko, emakumeok gero eta nazkatuago gaude jarrera hauek jasan behar izateaz”. 

Horri lotuta, ziurtatu dute jaiak ez direla “espazio neutroak”, ospakizun horietan “sistematikoki” jazotzen direlako “emakumeon eta sexu disidenteen” kontrako erasoak; eta gaineratu dute erasoek “hamaika aurpegi eta forma” dituztela: “Bai gure gorputzak erasotzea, sexu delituak egiteko helburuarekin, baina modu berean baita, beldurra zabaltzeko eta emakumeoi gauak zein parranda guneak gureak ez direla gogorarazteko erabiltzen dituzte. Gure gorputzaren kontrola izateko mekanismo biolentoak berrasmatzen dituzte jaietan gurekin”.

“Atxiloketa, zigor eta jazarpen eta jarrera punitibistetatik urrun, feministok, oro har, indarkeriarik gabeko bizitza izateko eskubidea aldarrikatzen jarraitzen dugu”

Horren aurrean, mugimendu feministak azken urteetan eginiko lana goraipatu dute. “Jakin badakigu ez direla eraso edo egoera isolatuak eta ulertzen dugu mugimendu feministatik kalera irteten jarraitu besterik ezin dugula egin, gure bizitzak markatzen dituen egiturazko indarkeria hau salatuz”. Horregatik, “autodefentsa feministarako” deia luzatu dute, azpimarratuz beharrezkoa dela eraso matxisten aurka “aliantzak sortu, saretu eta antolatzea”. 

Hala ere, "urrun" kokatu dira “atxiloketa, zigor eta jazarpen eta jarrera punitibistetatik", eta “indarkeriarik gabeko bizitza izateko eskubidea” jarri dute mahai gainean, “bizitza, zaintzak eta askatasuna” ardatz hartuta. “Nazkatuta eta batzuetan nekatuta egon arren, badakigu borrokatzen eta kalera irteten jarraitzea besterik ez dugula”, ondorioztatu dute. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide