ARGAZKI KRONIKA

Urduñak galdu duena berreskuratzeko deia luzatu du EAJk

Txabi Alvarado Bañares 2023ko mai. 26a, 08:00

Atzo arratsaldean egin zuten jeltzaleek hauteskunde kanpainako ekitaldi nagusia, Foru plazako arkupeetan. 

Hauteskunde kanpainako ekitaldi nagusia egin zuen Urduñako EAJk atzo arratsaldean Foru plazako arkupeetan, dozenaka herritarren aurrean. Ana Otadui Biterik hartu zuen hitza lehenbizi. Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakaritzarako hautagaiak nabarmendu zuen badela garaia Urduñak "galdutako denbora berreskuratzeko"; eta, bere ustez, EAJrena da horretarako "eredu bakarra". Iker Santocildesi zuzendu zitzaion jarraian, balioan jarriz Urduñako alkategaiak azken hilabeteetan abiatutako "entzute aktibo" prozesua. "Ikerrek aipatu zidan alkatetzara aurkeztea erabaki zuela bere aitonarengan pentsatuta. Garrantzitsua da iraganarekin lotura izatea, baina Ikerrekin Urduñak etorkizun handia ere izango du", ziurtatu zuen. 

Santocildesen zerrendakideak ere goraipatu zituen Otaduik: "Alkate bat ez da ezer bere zinegotzi taldea gabe, eta zuk, saskibaloian bezala, nik baino hobeto dakizu hori. Eta badakit Urduñan emakume eta gizon talde aparta duzuela, Urduñak aurrera egiteko lan egiteko prest".  

Alkategaia igo zen jarraian oholtzara. Urduñako Udala "birbideratzeko" eta hiritarren beharrizanak asetzeko premia dagoela esanez abiatu zuen hitzartzea, eta ziurtatu zuen badituztela horretarako "ideiak, proiektua eta lantaldea". "Jendearekin eta elkarteekin elkartu gara euren proposamen eta beharrak bertatik bertara ezagutzeko, eta euren ekarpenak kontuan hartuta Urduñarako programa egokia diseinatu dugu". 

Ekitaldian bertan banatu zuten programa. Dozenaka puntu barnebiltzen ditu dokumentuak, eta horietako batzuk aipatu zituen Santocildesek: "Programa bat ezarriko dugu tokiko merkataritzak lekukoa izan dezan eta itxi ez dadin, laguntzak emango ditugu merkataritza eta ostalaritza lokalak eraberritzeko, oztopo arkitektonikoak kenduko ditugu, Zedelikako errepideko bidea berrituko dugu, jabetza pribatuko auzoekin elkarlanean jarraituko dugu, igerileku bat eraikiko dugu (duela urtebetetik genuen proiektu hau, eta ez duela hilabete batetik, beste batzuk bezala) eta baita padel pistak ere, aisialdi gunea atonduko dugu Txoperako zonaldean, liburutegiko ordutegia zabalduko dugu, etxebizitza hutsen zentsu bat egingo dugu euren alokairua sustatzeko, bakardadearen aurkako programa bat sortuko dugu, ke detektoreak jarriko ditugu bakarrik bizi diren pertsonen etxeetan, benetako babesa emango diogu Ama Birjinaren eraberritzeari, emakumeen etxea irekiko dugu eguneko zentroaren lokal zaharrean, kamarak eta argiteria egokia jarriko ditugu aparkaleku publikoetan bandalismoa eta lapurretak ekiditeko, garbiketa zerbitzua hobetuko dugu eta, azkenik, lankidetza hitzarmenak sinatuko ditugu Ertzaintzarekin, hiriko segurtasuna hobetzeko". 

"Batzuei ahoa betetzen zaie esanez zorra murriztu dutela, eta noski murriztu dela. Baina gauza bakarra egin da:  mailegua sinatu zenean zehaztu zena ordaintzea. PSOE, PP edo txongil bat egongo balitz gobernuan zorra ere murriztu egingo litzateke"

Zorra hizpide

Urduñako Udalaren zor "ospetsua" ere izan zuen hizpide alkategai jeltzaleak. "Batzuei ahoa betetzen zaie esanez zorra murriztu dutela, eta noski murriztu dela. Baina gauza bakarra egin da: mailegua sinatu zenean zehaztu zena ordaintzea. PSOE, PP edo txongil bat egongo balitz gobernuan zorra ere murriztu egingo litzateke". 

Horri lotuta, mailegu horiekin bere garaian (EAJ gobernuan zegoenean) eginiko inbertsioak zerrendatu zituen Santocildesek. "EH Bilduk, aldiz, zenbat inbertsio estrategiko egin ditu? Bat ere ez. Honegatik eta beste hainbat gauzengatik, igandean argi izan behar dugu zer nahi dugun Urduñarentzat". Gauzak hala, Urduñaren eta urduñarren interesen alde lan egitera konprometitu zen Santocildes, hori delako "EAJren eredua". 

Bukatzeko, bere etxean topatutako pegatina bat erakutsi zuen alkategaiak. "Pegatina hau 1995. urtekoa da, ni jaio nintzenekoa. Urte hartan ere udal hauteskundeak egon ziren, eta maiatzaren 28an izan ziren baita ere. Badakizue nork irabazi zituen? Erantzuna hiru hitzetan emango dizuet: Eusko Alderdi Jeltzaleak. Eta igande honetan emaitza hori errepikatuko dugu". 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide