Urduñako Haurreskola publikoko gurasoek sinadurak biltzeari ekin diote, astelehen eta asteartean, 9:15ean eta 16:30ean Herri Eskolako sarreran eta Ederki harategian. Egitasmoaren helburua da salatzea Hezkuntza Sailak ezarri dituen ordutegi berriak ez direla bateragarriak kontziliazioarekin.
Izaro Otaegi Tapia gurasoen ordezkariak azaldu du indarrean dagoen ikasturtean ordutegiek okerrera egin dutela, eta nabarmen, gainera. "Aurreko ikasturtean umeak sartu ahal ziren 07:30etik 10:00ak arte. Orain beranduago irekitzen dituzte ateak, 08:00etan, eta 09:30ean beranduenez egon behar dira barruan".
Horrez gain, arratsaldeko ordutegia ere murriztu dute: "Iaz 16:30ak arte zegoen irekita Haurreskola, eta hiru ume edo gehiago egonez gero, 17:00ak edo 18:00ak arte. Orain, aldiz, 14:00etan bukatzen da zerbitzua, edota 16:00etan hiru ume edo gehiago badaude".
Gauzak horrela, Otaegik argitu du aldaketa zerbitzuaren doakotasunarekin batera heldu dela: "Ustez, arau berriaren xedea kontziliazioa erraztea da, baina txandaka lan egiten duten gurasoek ez dute aukerarik ordutegi horietara moldatzeko eta, ondorioz, bestelako bideak bilatzera behartuak izan dira".
Horrek eragin zuzena izan du matrikulazioan. Haur gutxiagok eman dute izena, bitarteko pribatuetara jo behar izan dutelako guraso askok. "Horiek ez dute ordutegi mugarik", erantsi du Izaro Otaegi Tapiak.
Jokin Bildarratzi bideratutako sinadura bilketa
Egoera iraultzeko sinadura bilketan jasotako babesak Hezkuntza Sailera bidaliko dituzte gurasoek. "Jokin Bildarratz Sailburuaren esku uztea da gure asmoa, ezarri dituen ordutegiak ez dute zentzurik kontziliazioaren ikuspuntutik eta aldatu behar dira zerbitzuaren etorkizuna bermatzeko".
Legealdi honetan behin baino gehiagotan jarri dira harremanetan Aiaraldeko gurasoak Jokin Bildarratzekin, Areta Herri Eskolako gela baten zein Zabaleko Eskolaren itxiera ekiditeko, besteak beste.