Ertzaintzaren atzoko operazioa ez zen Laudioko bi tabernetara mugatu. Bi establezimendu horietan egon eta pertsona bat atxilotu ondoren, Urduñara jo zuten poliziek, eta bertako hiriguneko beste taberna batean sartu ziren, goizaldeko ordubatak pasata.
Ertzaintzaren prentsa bulegoan Aiaraldea Komunikabideari jakinarazi dionez, Urduñako esku-hartzea ere kokatzen da "drogen trafiko eta kontsumoaren prebentzioa sustatzeko" egiten ari diren jardueren barruan. Poliziak zehaztu duenez, substantzia sorgorgarriak zituzten tabernan zeuden herritarretako batzuek, eta zigor ekonomikoak ezarriko dizkiete horregatik, hiritarren segurtasunerako legea ('mozal legea' gisa ere ezagutzen dena) ezarrita.
Honekin, 9 dira urtarrilaren 19tik hona Ertzaintzak drogaren aurka Aiaraldean egin dituen esku hartzeak, gutxienez.