Atzo arratsaldean azken urteetako manifestazio jendetsuetariko bat hartu zuen Laudiok. Ez da gutxi hori esatea, tamalez, Laudio mobilizazio handien epizentroa bilakatu baita 2021etik. Tubacex, Glavista, Aretako eskola... eta, 42 urteko David Hernandezen heriotzaren ostean, osasungintza publikoa.
Jendetza hori guztia sakabanatu eta gutxira, sekulako polizia operazioa hasi zen herrigunean, herritar mordoak gehien erabiltzen dituen bi tabernen kontra (agian ez daude ibaiaren alde zuzenean, baina arrakasta handikoak dira).
Auzokideek grabatutako bideoak berahala zabaldu ziren bolo-bolo. Eta ez zen harritzekoa, poliziaren agerpena ikusgarria bezain ulergaitza izan baitzen, Chapo Guzmánen bila joan behar zirela ematen zuen eta. Baina ez, afaltzen eta denbora pasatzen ari ziren laudioarren kontrako operazioa zen, baita herrian ezagunak diren ostalarien aurkakoa ere.
Atzo Laudion drogen aurka egindako sarekada ikusgarriaren irudiak zabaldu dituzte herritarrek sare sozialetan. pic.twitter.com/hGoywyu7cv
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) January 20, 2024
Gauzak horrela, laudioar ugariren artean hasierako harridura haserrea eta amorrua bilakatu zen laster. Euren buruei eta sare sozialei galdetzen zieten zergatik operazio hau orain, eta operazio horretarako dirua bazegoen )Laudioko Ertzain Etxeko agenteak, Brigada Mugikorrekoak, txakur unitatea...), ea zergatik ez zegoen medikuentzat. Kolore politiko anitzeko jendeak galdetu du gauza bera, gainera.
Finean, herritar ugarik lotu dituzte atzoko manifestazioa eta sarekada, eta bigarren hau arreta desbideratzeko saiakera gisa ikusi dute.
Egia esanda, horrelako operazioa egiteko unea ezin zen okerrago hautatu, eta helburuak ez daude oso argi, emaitza eskasa izan baita benetan: bi ikertu, hamazazpi isundu eta 110 gramo haxix (porroak, alegia).
Horrek, operazioaren modu ikusgarriek eta bitarteko oparoek sortu dute susmoa herritar ugariren artean eta, nahiz eta tabernaren batek horrelako zerbait espero zuen (iaz jada mota horretako hainbat operazio egin ziren), inork ezin zuen aurreikusi horrela izango zenik (aurpegiak estalita, txakurrekin, furgoneta mordoekin, brigada mugikorreko kideekin, liskarren kontrako armak eskuetan...).
Hori guztia aintzat hartuta, ez da harritzekoa jende pilok mesfidantza eta haserrea adieraztea eta pentsatzea, Hego Ameriketan gertatzen den moduan, osasun publikoaren arazoa (drogen kontsumoa) manipulatzen ari direla segurtasun arazoa bilakatzeko edota benetako osasun arazoak (medikuen falta, alegia), estaltzeko.
Modu batean edo bestean, ez dugu jakingo ea atzokoa apropos horrela egin zen edo drogen kontrako politika errepresibo eta zatarraren ondorioz gertatu zen, baina argi dago praktikan, sarekadak eklipsatu duela herrian atzo arratsaldean egindako mobilizazio eredugarria, eta ez lukeela horrela izan behar.
Dena den, egia da atzoko sarekadak ezaugarri berriak utzi zituela (gehienbat Brigada Mugikorraren presentzia), baina, finean, azken hilabeteetan Aiaraldean indarrean dagoen drogen kontsumoaren prebentziorako politika eskasarekin jarraitu duela: ez droga saltzaile handien kontra eginez, baizik eta legez kanpoko substantzien kontsumitzaileak diren herritar estigmatizatuen (gazteak, ibaiaren alde egokian ez daudenak...) aurka joz. Laburbilduz, ikusgarritasuna eta unea kenduta, ezer berririk ez.